2025eko Iruñaldia jaialdiaren barne.
Amaginarrebaren etxean katakume jaioberriak akabatzera behartzen duten gizonaren paraderoa, parranda-gauaren osteko goizean lagun zahar baten konpainian esnatuko den emakumearen harridura, guraso hilen baserrira itzultzen den droga-saltzailearen ibilerak, enpresako buruzagitza hartzera deitua den gazte arrakastatsuaren larriminak…
Gai eta giro ugaritako bederatzi kontakizun bildu ditu Josu Goikoetxeak bere lehenengo narratiba-liburu honetan, Joseba Jaka bekaren laguntzaz. Estilo zein teknika desberdinak erabiliz eta ipuin bakoitzari dagokion tonu nahiz hizkera doia hautatuz, giza izaeraren misterio esanezinak, gizartearen geruza askotarikoak eta harremanen korapilo zenbatezinak jartzen ditu agerian egileak ipuin sakon bezain eder hauetan.
Kazetari eta bertso-jartzaile gernikar honen lehen lana poema liburu bat izan zen: «Zer luzea negu hau». Zazpi urteren buruan ipuin unibertsora egin du jauzia.