Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

Iruñeko San Blas Eguna 2025: Soka-Dantza

febrero 3

Otsailaren 3an, astelehena, San Blas eguna da, eta aurten ere gozokiak eta soka-dantza izango dira San Nikolas elizaren inguruan. Ohi bezala, opilak, gozokiak, pastak eta karameluak saltzeko azoka paratuko da, 09:00etatik 20:30era. San Nikolas plazan jarriko dituzte postuak. 19:30ean, Duguna-Iruñeko Dantzariak udal taldeak soka-dantza egingo du Sarasate pasealekuan, San Nikolas plazatik hasita.

Dantza tradizional hori Europako hego-ekialdean gutxienez Erdi Aroaren amaieratik egiten ziren kate-dantza, branle eta farandolen estilokoa da, eta dantza horien bilakaeraren ondorioz tokian-tokian sortu diren dantza tradizionaletako bat. Euskal herrietan XVI. mendetik dantzatzen da dantza hori. Urtean bi aukera dituzte herritarrek soka-dantzaz gozatzeko: bata San Blas egunean eta bestea San Joan egunean.

Aurten hasita, Dugunak San Blas egunean egiten duen soka-dantzak inauterien kutsu handiagoa izango du aurrerantzean. Dantzariek mozorrotuta egingo dute dantza: aurpegia estalita, eta buruan eta bularrean zapi irudidunak dituztela. Hartzak eta haren zaindariak ere parte hartuko dute: haiek emango diete hasiera inauteriei.

Jakina denez, Europako tradizioan hartza otsailaren 2an ateratzen da lozorrotik, eta zeruari begiratzen dio neguak oraindik gehiago iraunen duen ala, kontrara, udaberriari bidea emanen dion jakiteko. Ilargi egutegiaren arabera, otsailaren 3an ospatu daiteke goizenez ere astearte inautea.

San Blas egunak lotura handia dauka inauteriak iragartzeko data horiekin, eta, hainbat adituk diotenez, baliteke santuaren irudia bera neguaren amaiera iragartzen duen hartzaren pertsonifikazioa izatea.

Hain zuzen ere, iaz otsailaren 3an izan ziren bai San Blas eguna eta bai Kauteroen eguna. Inauterien egutegia gorabeheratsu samarra da, eta aurten ohi baino beranduago izanen dira, baina hemendik aurrera, Duguna taldearen soka-dantzak gogoraraziko digu otsailaren hasieran hasten dela urteko sasoi berezi hori.

Aurten otsailaren 3an egingo dute soka-dantza, astelehena, 19:30etik aurrera, San Nikolas plazatik abiatuta.

Local

Laurotan, Aurregoiti Jatetxea
Loiu, Bizkaia 903 España