
Dugunaren San Blas eguneko soka-dantzak inauteriak iragarriko ditu berriz ere.
Otsailaren 3an, 19:30ean, Dugunako dantzariek San Blas eguneko soka-dantza dantzatuko dute Sarasate pasealekuan. Dantzariak San Nikolas plazatik abiatuko dira, aurpegiak begi-mozorroz estalita, eta zapi estanpatuak jantziko dituzte buruan eta bularrean. Hartzak eta bere zaintzaileak ere parte hartuko dute, inauteri garaiaren berri emateko.
Europako tradizioan aski ezaguna da hartza otsailaren bian esnatzen dela lozorrotik, eta zerura begiratu eta erabakitzen duela ea negua oraindik gehiago luzatuko den, edo, kontrara, udaberria hasiko den. Data hori, otsailaren 2a, hain zuzen ere, inauteri-asteartea garaizen ospatzen ahal den eguna da, ilargi-egutegiaren arabera.
San Blas jaia egun igarle eta iragarle horiekin estu lotuta dago, eta egile batzuen arabera, santuaren irudia bera neguaren amaiera iragartzen duen hartzaren pertsonifikazio gisa ulertzen ahal da.
Inauteriak garaiz datoz aurten. Otsailaren 7an Kauterak ospatuko dira, eta asteburu baten ondoren, inauteri ofizialak. Dugunaren San Blas eguneko soka-dantzak gogora ekarriko digu hemendik aurrera, otsaileko lehen egunetan, hasiko dela urteko garai berezi hori.