
Zer da eskultura? Zer da forma? Zer da lekuan jartzeko ekintza? Zein da eskultura baten pisua? Badu denborarik eskulturak? Eskultura… Eskultura bat da? Eta bai, eskultura eskultura bat da. Eskultura lankidetza da, ikusteko modu bat, jarduteko modu bat, pentsatzeko modu bat. Eskultura izan daiteke abesti bat, pentsamendu bat, amets bat eta zapore bat. Eskulturak izan gaitezke, eta dena izan daiteke eskultura.
Rie Nakajima eskultoreak emango du lantegia, David Toop musikari eta idazlearekin (Nakajimarekin batera garatu du «eskultura» ideia) eta Makoto Oshirorekin (interpretea eta artista) batera.
Lantegi hau ez da hutsean garatzen. Aurretik egindako bileren, lanaren eta beste leku batzuetan eta une desberdinetan partekatutako irakurketen emaitza da. Lantegian horren guztiaren aipamen egingo da, ez ordea dokumentazio gisa, ezta atxiki beharreko dogma gisa ere, gauzak nola garatu diren eta nola garatu daitezkeen azaltzeko orientabide gisa baizik.
Jarraibideak beti izan dira errazak: helburu nagusia da espazio berean praktika desberdin asko biltzea. Parte-hartzaileak musikariak, artistak, interpreteak edo idazleak izan daitezke; egia esan, aurkezteko zerbait duen edozein. Ideia nagusia elkarrizketa bati ekitea da, komunikazioak ez duela beti ahozko hizkuntzaren beharrik ulertuta.
Berez, artelanak egitean, edo edozein sorkuntza-lan egitean, nor bere nia eta kanpoko mundua sartzen dira tartean. Batzuetan, lan horiek sentimendu pertsonalek harrapatzen dituzte eta, beste batzuetan, berriz, testuinguruek baldintzatzen dituzte. Lantegi honen helburua da artelan bakoitzaren indibidualtasunean fokua jartzea, eta lan guztiek bat egitean sor daitezkeen forma irekiak esperimentatzeko aukera eskaintzea. Eskultura existitzen den inguruneaz hausnartuko dute parte-hartzaileek espazio honetan.
Proposamen hau Musika Dena eta Ez Dena programatik sortu da, zeinak etengabe eboluzionatu duen jardun artistikoak betiere planteatzen dituen erronkei heltzeko.
Interesa duenak bere curriculuma eta motibazio-gutun bat bidali beharko ditu. Tailerrean izena emateko epea ekainaren 3ra arte egongo da zabalik (12:00ak arte). Gehienez 15 lagunek parte har dezakete. Tailerra ingelesez izango da.
Zeri dagokio: Musika dena eta eszena
Deialdia irekita
2026 api 16 (12:00) | 2026 eka 03 (12:00)
Bidali proposamena