Dejabu Konpainiaren Itzulera antzokian ikusleen begibistan eraikitzen den road movie lotsagabe eta psikodelikoa da. Antzerki konpainia bateko hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen du erritmo biziko komedia existentzial honek.
Bizi eta sormen krisian dauden hiru protagonistak, diasporako euskaldunak elkarrizketatzera doaz bidaian, Etxepare Euskal Institutuak emandako beka bati esker.
Ustekabeko gertaera batek bidaiaren norabidea erabat aldatuko du eta ikuslea deliriozko abentura batean murgilduko du, non ez diren faltako autoen pertsekuzioak, bidaia haluzinogenoak eta bizitza konplikatuko dien chihuahua bat. Autofikzio moduan idatzia, nortasunaren bilaketa eta gizakion erremediorik gabeko zentzugabekeria azaleratzen ditu antzezlanak, irudi hipnotiko eta ederrez beteta dagoen lan honetan.
Hiru aktoreez gain, David Aguilar zinegilea dago eszenatokian, irudiak denbora errealean sortuz eta errealizatuz. Ander Fernandez konpositoreak sortutako soinu-banda eder eta gogoangarriak, Andoni Mendizabalen argien diseinu iradokitzaileak (Paris, Texas-i keinu eginez) eta Barbara Rassok sortutako jantziteria fantasiazkoak osatzen dute arte eszenikoen eta zinematografikoaren arteko mugak lausotzen dituen proposamen berritzaile hau.
Emanaldi bakoitza esperientzia errepikaezina da, non publikoa abenturaren parte bihurtzen den. Konpainiak berak zuzendu eta idatzitako lana euskaraz sortu da, eta lehen aldiz gaztelaniazko azpitituluekin taularatuko da Zinemaldian.
Fitxa artistikoa: