Uztailaren 18an, IAK – Izaskun Arrue Kulturguneak bere 1. urteurrena ospatuko du eta, bide batez, ikasturteari amaiera alaia eman nahi diote. Horretarako, ikuskizun bat eskainiko dute: BINGOZ BINGO, Yogurinha Borova eta Aurori Badiolaren eskutik.
Musika, dantza, umorea eta emozioa uztartzen dituen bingo-show paregabea, adin guztientzako pentsatua: 6 urtetik 99 urtera, euskaldun zahar zein euskara ikasten ari direnentzat zuzenduta.
Betiko Bingoa, baina sekula ikusi ez duzun bezala: festa giroan, umorez eta musikaz lagunduta. Kartoiak banatu, zenbakiak entzun, eta adi egon… BINGO! oihukatzeko unea iristen denean sari bereziak irabazteko aukera izango duzu! Aurori Badiola, euskaldun zahar petoa eta Yogurinha Borova, euskaldun berri alaia, elkarrekin arituko dira euren arteko gaizki-ulertuen, anekdoten eta hitz-jokoen bidez, euskara eta umorea erdigunean jarriz.
Bingoaren ostean, DJa izango da.
Ekitaldia 20:00etan hasiko da. Urteurrena borobiltzeko; uztailaren 16an, mingainak berotzen joateko jarduera berezi bat antolatuko da; urteurren honen harira prestaturiko bertso-saio bereziaren entsegu orokorra, arratsaldeko 19:30etan. Bi jarduerak doan izango dira, eta herritar guztiei zabalik, edukiera bete arte.