Mikel Larratxe (Irun, 1982) musikari eta diseinatzaileak Joseba Baleztena (Bera, 1984) gitarrista eta ekoizlearekin martxan jarritako proiektua da IZUKARI.
2013-an bereizi zituzten bideak, SextySexers-en 12 urteko ibilbidea akitu egin zenean. Atzean utzi zituzten 4 diska eta ehundaka kontzertu, horietako asko euskal rock zaleen memorian iltzatuak geratu direnak. Mikel -talde beratarreko abeslari eta letragileak- euskal musikaren lehen lerrotik atzera pausua eman eta beste musikarientzako diseinu lanak egitera pasa zen -Mice, Sumisión City Blues, Dama, Willis Drummond, Occhi di Farfalla, Kokein, Zakill…- bai eta Hondarribiko Psilocybe Musika Elkartean militatzera, harik eta 2020-an TZAR taldearekin berriz ere mikroaren aurrean jarri zen arte.
Joseba Baleztena-k ordea ez dio utzi euskal musikaren lehen lerroko sortzaile eta gitarrista interesgarrienetako bat izateari. Joseba B Lenoir eta Sumisión City Blues taldeetan zentratu zituen indar guztiak, gerora Victimas Club eta Mice etorriko ziren, gitarrista lanetaz gain produkzioaz arduratuz. Beste taldeentzako gitarrista lan apartak ere burutu ditu: Willis Drummond, Harat, Señor No, Petti, Anari… Azken boladan gitarrista lanak produktore eta grabaketa lanekin uztartzen ditu, Duranako Gakobeltz Hit Faktoria-n burutzen dituenak.