Ja! jaialdiaren 2025eko edizioa urriaren 9tik 20ra izango da.
Jaialdiaren hamaseigarren edizioa New Yorki dedikatuta dago, hiriak hainbat urteurren ospatzen baititu 2025ean zehar. Horien artean, ‘Saturday Night Live’ saioaren berrogeita hamargarren urteurrena eta ‘The New Yorker’ hedabidearen mendeurrena bereziki garrantzitsuak dira jaialdiarentzat, umorearekin lotuta baitaude biak. Hortaz, New Yorkeko —eta hedaduraz, mundu osoko— kulturaren eta DNAren zati diren bi bereizgarri horiei omenaldia egin nahi zaie.
Hala, New York izango da edizioaren ardatza, baina ez hiria bera, baizik eta hiriak irudikatzen duen gogo-aldartea: literaturaren, zinemaren, komikiaren eta bestelako adierazpen kulturalen bitartez eratutako paisaia emozionala da, ‘New York State of Mind’ deitu ohi den iruditeria unibertsal eta umore hori, alegia.
Eta, hain zuzen ere, horixe bera da egitarauaren lehen ekitaldiaren izenburua. Saioak Ray Loriga eta Virginia Feito izango ditu protagonistatzat, eta edizioaren soinu-banda ere baden Billy Joelen abesti famatuak girotuko du. New Yorken esentziak hamaseigarren jaialdiaren ekintzak blaituko ditu, bertatik datozen hiru egileren eskutik: Jonathan Lethem, New Yorken jaioa eta bertako literaturaren izen handietako bat dena; Kirmen Uribe, ‘Bilbao-New York-Bilbao’ liburuarekin 2009ko Narratiba Sari Nazionala irabazi zuena, eta hiri horretan duela hainbat urte bizi dena; eta Peter Kuper artista grafikoa, ‘Insectoplis’ (Astiberri) argitaratu berri duena, New Yorkeko Liburutegitik abiatuz, intsektuen historia osatzen duten laurehun milioi urteak berrikusten dituena.
Nabarmentzekoak dira, halaber, antolatzaileen hitzetan aspalditik gonbidatutzat eduki nahi izan dituzten bi emakume: Samanta Schweblin, bere belaunaldiko narratzaile onenetakoa eta ipuinen maisua, ‘The New Yorker’ aldizkarian hainbat istorio argitaratu dituena, eta Christina Rosenvinge abeslari eta idazlea, Aloma Rodríguezekin batera haren ibilbidea kontatu eta New Yorken bizitako urteek haren sormen-lanean izandako eragina azalduko diguna.
Hiriko bi ikur izango dira aurtengo ildo gidaria, eta bi gonbidatu bikotek zuzenduko dute horiei egindako omenaldia. Antonio Castelo eta Nacho Vigalondo artista polifazetikoak (umorista, aurkezlea, gidoilaria… lehena eta zinema-zuzendaria, aktorea, aurkezlea… bigarrena) ‘Saturday Night Live’ komedia-saio ezagunaren zale handiak dira, eta horri buruz mintzatuko dira eta haien unerik gustukoenak erakutsi, telesaioaren berrogeita hamargarren urteurrenari omenaldia egiteko asmoz. Bestalde, Marta Fernández eta Rodrigo Fresán idazleek ‘The New Yorker’ aldizkariaren ehun urteak berrikusiko dituzte, kalitatezko kazetaritza eta literatura, azal ikonikoak, binetak eta batik bat idatzien umorearengatik ezaguna den aldizkari entzutetsua. Juan Soto Ivarsek eta Alberto Olmosek ere kazetaritzaz hitz egingo digute. Haien zutabeetan, idazle biek osomodu garratzean lantzen dituzte desinformazioaren eta egia-ostearen garaiotan prentsak bizi dituen gorabeherak.
Edizioa egituratzen duen espiritua izateaz gain, New York munduko museo garrantzitsuenetakoak biltzen dituen espazio fisikoa ere bada. Erreferentzia artistiko eta betiereko museo gisa duen eraginari buruz mintzatuko dira Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao museoaren zuzendaria, eta Miguel Zugaza, Arte Ederretako Museoaren zuzendaria.
Hiriak, hala ere, aipatutako ikur kultural klasiko horiek baino askoz gehiago dauka eskaintzeko. Garai askoren bereizgarri izan ziren tenplu alternatiboen jaioleku ere bada, eta horietako bat da Studio 54 mitikoa. Joaquín Reyes izango da glamourra, dibertsioa eta askatasuna uztartzen zituen festa-areto historikoan oinarritutako jai baten DJ eta zeremonia-maisua. Jaiaren aurretik, ikuskizun berezia egongo da: ‘El Sentido De La Birra Live’, Ricardo Moyak YouTuben aurkezten duen elkarrizketa-saio arrakastatsuaren zuzeneko bertsioa. Zuzeneko formatuan, saioak jai-giroarekin bat egingo du, eta sorpresa bat ere emango digu, gaia eta protagonista emanaldiaren egunera arte ezkutuan mantenduko baitira.
Egitarauak jaialdiaren klasikoetako bat ere jasoko du: gonbidatuetako batek haren umorezko hamar sekuentzia gustukoenak aurkeztea. Paula Ortiz zuzendariak haren zinema-prestakuntzako zati garrantzitsu bat New Yorken burutu zuen, eta aurten, bera izango da atalaren arduradun. Jaialdiak zientzia-dibulgazioa, eszeptizismoa eta umorea bateratzen dituzten Naukas jardunaldietan parte hartuko du beste behin. 2025eko edizioa berezia izango da, jardunaldien hamabosgarren urtemuga baita, eta hartara, Imanol Ituiño magoak Manhattango Pennsylvania hotelean 1924an gertatutako ekitaldi harrigarri baten berri emango digu: Houdini Handiaren eta begietan X izpiak zituela ziurtatzen omen zuen Joaquín de Argamasilla espainiarraren arteko erronka. Irailaren 20an (larunbata) ezagutaraziko du istorio horren amaiera, Naukas 2025 jardunaldien baitan.
Ez da hori hamaseigarren edizio honetako kolaborazio bakarra. Jaialdiak Caosticak eta Borja Crespok antolatutako Tracking Bilbao jardunaldietan ere parte hartuko du, Zinemal taldeak —Axel Casas, Gorka Ronquete eta Gastón Haag— antolatutako ekitaldi batean. Taldearen helburua kultuzko klasiko bilakatuko diren film penagarriak ezagutaraztea da, eta oraingo honetan, ‘New York Ninja’ izango da ikusgai. Pantaila handian erreproduzituko dute, eta filmari buruzko iruzkinak egin. Horrez gain, hainbat komedia-taldek parte hartuko dute; besteak beste, Haizea Malabaricia eta Raquel Torres komikoek eta Improbilbao antzerkiinprobisaziorako eskolak clown, inprobisazio eta stand-up feministak lantzeko tailerrak emango dituzte. Mamen Moreu ilustratzaileak haurrentzako marrazketa-tailerra eskainiko du: Spiderman New York Cityn. Lehen ediziotik jaialdiaren aliatu izan den Joker liburu-dendak antolatzen du saioa, eta Espacio Joker komikiei dedikatutako kultura-zentroan egingo da.
Orobat, bi erakusketa antolatu dira. Horietan nagusiena ‘Saul Steinberg, el signo errante’ da, eta Saul Steinberg (Ramnicu Sarat, Errumania, 1914 – New York, 1999) egilearen bizitzari eta obrari buruzko ehun pieza inguru biltzen ditu: marrazkiak, pinturak, grabatuak, collageak, aldizkariak, liburuak, argazkiak, ikusentzunezkoak eta hiru dimentsiotako obrak. Erakusketa Ja! Jaialdiak eta Juan March Fundazioak batera produzitu dute, The Saul Steinberg Fundazioaren laguntzaz eta Iberdrolak babestuta. Sarrera doakoa izango da, eta EHUren Bizkaia Aretoko Axular Gelan ikusgai izango da urriaren 2tik 31ra arte. Horrez gain, Javier Jaén artista grafikoak ‘The New Yorker’ aldizkariarentzat egindako lanen erakusketa prestatu da. ‘Javier Jaén x The New Yorker’ Bilboko Metroaren hainbat geltokitan izango da ikusgai, 2025eko urriaren 1etik urte amaierara arte. Aurreko edizioetan bezala, Javier Jaének egin du jaialdiko kartela, aurten King Kong protagonistatzat duena.
Hamaseigarren edizio hau urriaren 9tik 20ra izango da Bilbon, eta aurrekoetan bezala, EHUren Bizkaia Aretoa eta BBK Sala izango dira kokaleku nagusiak. Halaber, beste bost espazio gehigarri izango dira aurten: Bidebarrieta Kulturgunea, Bilboko Metroa eta Bilborock Aretoa, La Perrera eta Espacio Joker.
Nobedade gisa, zenbait ekitaldi eta tailer ordaintzekoak dira. Halaber, Ja!-ren Lagunak kidetza estreinatuko da. Jaialdiaren webgunean, harpidetzaren baldintzak eta abantailak kontsulta daitezke, egitarauaren ekitaldiei buruzko informazioaz gain.