
Janela, leiho bat Gorka Urbizuren Unibertsora argazki proiekzioa 2023ko udan Lleidako Teatre de Ca l´Eril estudioan hasi eta 2024ko udazkenean estudioan bertan Gorka Urbizu eta bere taldeak eskainitako kontzertuarekin biribiltzen den argazki kontakizuna da.
Berri Txarrak taldean 25 urte aritu ostean, Gorka Urbizuk bakarkako bideari ekin zion 2024an Hasiera Bat lana plazaratuz. Janela argazki proiekzioak 2023an Lleidako Teatre de Ca l´Eril estudioan emandako sorkuntza prozesuan murgilduko gaitu. Ibai Arrieta del Pico argazkilariak leiho bat irekiko digu grabaketan zehar ematen den kantuen muinerako bidaia intimora, gertukotasuna eta zintzotasuna oinarri hartuta egin diren argazkien bitartez.
Grabaketaren ondoren, zuzeneko kontzertuetan jarri zuen argazkilariak arreta. Estudioko isiltasunak eta zuzeneko zirrara eztandak bat egiten duten une horretan.