Jon Grandek 80 eta 90eko hamarkadetan herrian egindako hainbat argazki eta grabaketa bildu nahi izan dira, pantaila handiaren bitartez gazteei, garaiko jaiak, tokiak, jendea eta ohiturak hurbildu eta nagusiei oroitzapen atseginak helarazteko. Etxeko bideoak direnez, film hautaketa, audio eta irudi kalitateak baldintzatuko ditu.
Lekitto (1980): Aspaldiko argazki eta grabaketa bilduma eder batez osatua dago. Irudiek aurrera egin ahala, arrantzaren sektoreak Lekeition izan zuen garrantzia nabari dezakegu. (Iraupena 29:00 min)
Txiki Txoko dastalekua (1983): Bideo honek garaiko bezero eta herritarrek Txiki Txoko dastalekuan zertaz jardun eta nola bizi zituzten ospakizunak ezagutzeko aukera emango digu. (Iraupena 34:10 min)
San Pedro jaiak (1990): Herriko ohitura zahar eta garrantzitsuenetako bat da. Prozesioarekin batera, «Kaixarranka» dantza tradizionala eta «Kilin Kala» izenez itsasoari egindako eskaintza berezia nabarmentzen ditu. (Iraupena 20:10 min)
Estudiantina (1991): Gazte eta nagusiz osatutako musika taldea da eta inauterietan hainbat musika tresnarekin ateratzen dira kaleetan zehar kanta herrikoiak jotzeko. (Iraupena 23:15 min)
Juan Zugadi «Juanito Bombillon»: Juan Zugadi, «Juanito Bombillon» ezizenaz ospetsua, pertsona oso maitatua zen herrian. Urte askotan «Bombillon» tabernako jabea izan zen, eta gaur egun, errege egunean ospatzen den kabalgatak izen bera darama. (Iraupena 34:25 min)
Mantxua Jatetxea: Idoyagabeitia familiako kide batek Mantxua jatetxea noiz eta nola sortu zen azalduko digu. Familiak 80 urtez baino gehiago zabalik mantendu zuen denbora tarte horretan bizitako istorio eta gertakari xelebreak gogoraraziko dizkigu. (Iraupena 11:55 min)
Rosa Sustaeta: Rosa itsasoari lotutako emakumea izan zen, portuan arraina saltzen lan egiten zuen eta itsasontzien arrantza-sareak ere konpontzen zituen. Bere lanaz gain, margotzea asko gustatzen zitzaion eta pintura ondare eder eta ugaria utzi zigun. (Iraupena 13:20 min)