
Kantu eta Hitza kontzertu-zikloa 2026ko edizioa maiatzaren 8tik ekainaren 25era bitartean ospatuko da.
Aurtengo edizioan zazpi kontzertu antolatuko dira, maiatzetik ekainera bitarte. O-ko Andre Maria plaza izango da kontzertuen agertokia, lehenengoa salbu, maiatzaren 8an Pompelo Civivoxean egingo baita. Anari artista, abeslari, gitarra-jotzaile eta konpositoreak irekiko du Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioa eta Sara Zozaya, Izaki Gardenak, Xak, Bisaiak, Kaskezur eta Erromintxelak taldeek ere parte hartuko dute.
Lehenengo kontzertua kenduta, beste guztiak doan izango dira eta astero egingo dira maiatzaren 21etik ekainaren 25era bitarte, O-ko Andre Mariaren plazan. Soilik eguraldi txarra egiten badu, aire zabalean egin ordez, kontzertuak Erraldoien patioan egingo dira (Descalzos k. 72). Erraldoien patioan edukiera mugatua da, beraz kasu horretan gonbidapenak jasoko dira, doan, kontzertuak hasi baino ordubete lehenagotik.
Apustu horren bidez, Udalak euskarazko musika sorkuntza hedatzea eta sustatzea du xede, musika eta hitzen indarra uztartuz. Duela 25 urte baino gehiagoz geroztik aukeratutako formatua ikuskizun akustiko eta intimoak dira, askotariko estilo eta erritmoei bide emanez. Hala, egile-abestiak eta folka izanen dira nagusi, baina jazza, popa eta reggaea ere entzungo dira.
Inauguratu berri den Pompelo Civivoxean emango diote ongietorria Kantu eta Hitza zikloaren edizio berriari, Anari artistaren eskutik. Abeslariak, ia 30 urteko ibilbidean, rocka eta folka uztartu ditu eta, ikerketa eta berrikuntza izan dira bere ezaugarri nagusiak. Hori guztia gainera, sakontasun poetiko handiko letra hunkigarri eta dotoreekin, zeinekin maitasuna, bakardadea, tristura, edertasuna, identitatea, introspekzioa, gizartea edo politika gaiak jorratzen baititu. Pompelo Civivoxean honako hauekin emanen du kontzertua: Mikel Txopeitia (bateria eta perkusioak), Xabier Olazabal “Drake” (baxua), Ander Mujika (gitarra eta ahotsak) Xabi Etcheverry (biola, gitarra, teklatua eta ahotsak) y Ruben Garatea (teklatuak).
Sarrera: 10 euro. Sarrerak txarteldegian hartuko dira, edo Iruñeko Udalaren kulturako webgunearen bidez.
Hasiera-ekitaldiaren ondoren, zikloa ohiko agertokian eginen da, aire zabalean, O-ko Andre Maria plazan, maiatzeko eta ekaineko ostegunetan. Maiatzaren 21ean Sara Zozayaren ahotsa entzuteko aukera izanen da, euskarazko musika eszenako talentu gazteetako bat. Hainbat taldetan parte hartu ostean, 2018an kaleratu zuen bere lehen bakarkako lana. Egun, LP bat eta bi EP kaleratu ditu jada, eta, gainera, kolaborazioak egin ditu maila handiko artistekin, besteak beste, Benito Lertxundirekin eta Valdiviarekin. Bere estiloak ‘lo-fi’-a (soinu inperfektu, epel eta nostalgikoak ezaugarri dituen musika-estiloa), popa, euskal tradizioa eta minimalismoa ditu oinarri.
Maiatzaren 28an, ostegunarekin, Izaki Gardenak taldearen txanda izango da; taldea 2012an sortu zen, Jon Basagurenen abestiei itxura emateko. Beren lehenengo lana, Itsasargiak, urte horretan bertan argitaratu zen eta bost abestiz osatuta zegoen. Ondoren beste hiru disko kaleratu zituzten, rocka eta popa oinarri hartuta. Taldeak lau urte baino gehiagoko geldiunea egin zuen eta 2024an itzuli zen agertokietara Orube disko berriarekin. Sitsak da taldearen azken lana: azken urteetan argitaratu eta diskoetan ageri ez diren sei abesti eta, beste lau abesti berri barne hartzen ditu.
Ekainari hasiera emateko, Paxkal Irigoyen Xak Nafarroa Behereko abeslari eta musikari polifazetikoa igoko da taula gainera hilaren lauan. 2017an eman zuen argitara lehen diskoa, eta 2021ean, Bloñ taldea osatu eta Bañolet kantuz diskoa kaleratu zuen; azken disko horrek Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyenek berak zuzendutako Bañolet filmeko abestietako batzuk barne hartzen ditu. 2023an, “Piko” izen artistikoaz egin zituen emanaldiak. 2025eko maiatzean, Xak proiektu berria kaleratu zuen Paxkalek: sei abestiz osatutako album bat da, eta folk eta pop estiloak uztartzen ditu. Abestiak zuzenean aurkezte aldera, Irigoyenek boskote bat osatu du: Julen Etxeberri (bateria), Allande Etxeberri (baxua), Paul Covreur (gitarra eta mandolina) eta Uxue Olaziregi (gitarra akustikoa).
Ekainaren 11n Bisaiak talde nafarra arituko da; taldea 2023an abiatu zen eta reggaea du bere musika sorkuntzen ardatz. Honako hauek osatzen dute Iruñerrian sortutako taldea: Oier Alsua (baxua), Aitana Lakuntza (tronboia), Eneko Aguerri (bateria), Adriana Lorenz (saxofoia), Imanol Burguete (tronpeta), Arrate Bacaicoa (ahotsa), Xabier Olano (teklatuak) eta Irene Beltza (gitarra). 2025eko urrian Porlanezko lorea diskoa kaleratu zuten.
Bestalde, ekainaren 18an, Kaskezur laukoa igoko da taula gainera, Deus ez da ezer eta zerbait da disko berria aurkezteko; bost urte pasa dira azkeneko lanak kaleratu zutenetik. Instrumentuen soiltasuna eta soinuaren eraikuntza kolektiboa dira taldearen nortasunaren ikur 2008an sortu zenetik, hainbat lan kaleratu dituzte, Itzulera (2008) kasu, eta guztietan rock klasikoarekin eta musika psikodelikoarekin esperimentatu dute. 2013an Ilgora diskoa eman zuten argitara: taldearen soinua behin betiko aldatu zuen, eta, hari esker, euskarazko rock alternatiboko eszenaren ateak ireki zitzaizkien.
Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioari amaiera Erromintxelak Arrasateko gypsy swing taldeak emango dio. Musikari hauek osatzen dute: Jon García (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (manouche gitarra), Aitor Moreno (kontrabaxua), Jokin Vitoria (washboarda, bateria eta koruak), Daniel Apodaka (biolina) eta Andoni Aizpuru (saxo sopranoa). Swing eta gipsy estiloko musikan oinarrituta eta instrumentu akustikoak erabilita, publikoa dantzan jartzeko melodiak abesten dituzte euskaraz.