Kazetaritza, bertatik bertara kultur programaren 11. edizioa abuztuaren 25etik 29ra egingo da.
Beste urte batez, kazetariek eta nazioarteko adituek gaurkotasun handiko gaiak azalduko dituzte, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortzeko. Zehazki, Israel-Palestinako gatazka, Indiako gaurkotasuna, Europar Batasuneko nortasun-krisia, Donald Trumpen itzulera Estatu Batuetan eta Latinoamerikako egoera geopolitikoa izango dituzte hizpide, besteak beste.
Programak 17 jarduera izango ditu eta, horien artean, hitzaldiak eta mahai-inguruak nabarmendu behar dira. Berriemaile bereziak, korrespontsalak eta gatazka eremuetan lan egiten duten fotokazetariak eta bi errealitateak (bertakoa eta kanpokoa) ezagutzen dituzten atzerriko eta Estatuko komunikabideetako berriemaileak bilduko dira horietan. Jarduerak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa Biltzar Jauregian eta sarrera librea izango da, tokia bete arte.
Egun bakoitzaren amaieran, 21:30ean, programan landutako edukiekin lotutako filmen zikloa proiektatuko da Florida zinema-aretoetan. Proiekzioen ondoren, film edo dokumental batzuetan zineforuma egingo da jorratutako gaian adituak direnekin. Prezioa 3 eurokoa da.
Programa osatzeko, Sergi Camara fotodokumentalista kataluniarraren argazki-erakusketa, Éxodos, egon da ikusgai. Erakusketak komunikabide generalista batzuetan tarteka bakarrik ateratzen diren arren, mundu mailakoak diren migrazio-ibilbideetan zehar egindako ibilbidea jasotzen du.
Gasteiz hiribidean egongo da ikusgai erakusketa, Europa Biltzar Jauregiaren alboan, abuztuaren 19tik irailaren 14ra.