
Joan den martxoan bakarkako lehen mixtapea kaleratu ondoren, eta osasun-arrazoiengatik egindako beharrezko etenaldi baten ostean, KILIKI single bikoitz intimo bezain indartsu batekin dago bueltan. Focusrite itxaronaldiak zeharkatutako pieza bat da, eta azken batean, gauzak bere tokian jarriko direlako itxaropenak markatua.
Singleak testuinguru desberdinetan sortutako, baina bizi-egoera beraren bitartez lotutako bi abesti biltzen ditu. Alde batetik, Focusrite dugu: jungle generoaren eragin handiko pista bat, ekoizpen kolektibotik sortua eta aurrera egitera gonbidatzen duen ikuspegi argitsu batean oinarritua. Duela bi urte sortu zen Hofe, Mattin Zeberio eta 1111 bezalako lagunekin egindako sorkuntza camp batean, eta modu organikoan hazi zen, esku askoren artean, bere izaera baikorra definitu arte: denak iluna dirudienean ere, gauzak ondo atera daitezke.
Bestetik, Itxoiten istorio erabat pertsonal batetik sortzen da. Fermin Muguruzaren kontzertua ikusi ondoren, Navarra Arenan, Kilikik Negu Gorriaken izen bereko abestiko gitarra sampleatzeko ideia izan zuen, transplante baten zain emandako bi urteak kontatzeko. Dutxa inspiratzaile hura eta ordu gutxi batzuk beranduago, hainbeste espero zuen deia jaso zuen egun horretan bertan ebakuntzarako ospitaleratuko zutela jakinaraziz. Alta jaso bezain laster, abesti hau konposatzen hasi zen, itxaronaldi luze baten sentsazioak eta bere animo-egoera une batzuetan izoztu zuen ziurgabetasuna kontatuz.