Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak antolatutako Klubak programaren bigarren zikloaren amaierako solasaldia:
Berbelitzen paperak
Uxue Alberdik gidatutako elkarrizketa honetan, Anjel Lertxundi eta Idoia Santamaria hitzaren kontzeptuaren inguruan arituko dira hausnarrean. Hitz-joko zaleak hirurak, gogoz arituko dira hiztegi, itzulpen eta hitzen gazi-gozoen bueltan.
Anjel Lertxundi (Orio, 1948). Egungo euskal idazlerik oparoenetarikoa, Donostian Filosofia eta Letra ikasketak egin ondoren Erroman eta Valentzian ere burutu zituen ikasketak. Idazle bezala literaturaren alor guztiak jorratu ditu; direla eleberriak eta ipuinak direla itzulpen eta saiakerak, haur eta gazte literatura ere ahaztu gabe. Horretaz gain, hainbat hedabidetan parte hartu du. Berria egunkarian urteetan idatzitako artikuluak egarriz itxaroten zituzten haren irakurle fidelek. 1980ko hamarkadan Euskal Idazleen Elkartearen presidente izendatu zuten, eta egun Euskaltzain urgazlea da. 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin.
Idoia Santamaria (Donostia, 1962). Euskal Filologian lizentziaduna, gaztetan euskara irakasle lanetan ibili zen eta bikoizketarako testuak itzultzen ere egin du lan. Duela hogei bat urte Elhuyar Fundazioko itzultzaile, zuzentzaile eta irakaslea da. Horrez gain, hainbat literatura-lan itzuli ditu eta 2020an euskarazko itzulpen saria jaso zuen Euskadi Literatura Sarietan, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lanaren itzulpenagatik.
Partaideak: Anjel Lertxundi, Idoia Santamaria; dinamizatzailea Uxue Alberdi.
(Hizkuntza: euskara)