
Korterraza Gasteizek bat egin du Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena oroitzeko ekitaldiekin. Aire zabaleko film laburren eta musikaren jaialdia emanaldi berezi batekin hasiko da aurten; Martxoak 3 elkartearekin elkarlanean ondu du, eta omenaldi-ekitaldien barruan egongo da. Proiekzioak memoria historikoari eta lan-arloko eskubideei buruzko obrei helduko die, 1976ko triskantzan hil zituzten bost langileak eta zauritu zituzten 100dik gora lagunak omentzeko. Emanaldia ekainaren 12an egingo da, 22:00etan, Martxoak 3 plazan, eta, lehiaketako gainerako jarduerak bezalaxe, doakoa eta herritar guztientzat irekia izango da.
Omenaldi-proiekzio berezi horrek emango dio hasiera Korterraza Gasteizen 17. edizioari. Jaialdia ekainaren 24tik 27ra bitartean egingo da. Iaz harrera ona eduki zuenez, lehiaketak berriro egingo du Korterraza Euskara sekzioa, Izaskun Arrue Kulturgunearekin lankidetzan. Emanaldia ekainaren 24an izango da, kulturgunean bertan, eta euskaraz egindako film laburrak eta haien sortzaileak izango dira protagonistak. “Iaz estreinatu genuen sekzioa, eta oso ondo joan zen. Jaialdian, euskaraz filmatzen ari diren lan apartak hedatzen lagundu nahi dugu”, adierazi du Xabi Vitoria lehiaketako zuzendarikideak.
Ekainaren 25ean, osteguna, jaialdia ohiko tokira mugituko da, Artium museoaren kanpoaldera, film laburren aire zabaleko proiekzioekin eta kontzertuekin. Ostegunetik larunbatera bitartean, 18:30etik 23:45era, ikus-entzuleek azken urteko film labur nabarmenenez eta kontzertu interesgarriez gozatuko dute. Ekainaren 26an, ostirala, haurrek beren unea izango dute Korterraza Txikiren emanaldiarekin, Artium museoaren auditoriumean. Lehiaketa abuztuaren 20an bukatuko da, osteguna, Artium museoaren barruko plazan, Korterraza Sensibilizaren emanaldi dagoeneko tradizionalarekin.
Musika-egitarauan, jaialdiak karteleko lehenengo hiru taldeak baieztatu ditu: Moonshine Wagon, Susan Santos eta A Contra Blues. Moonshine Wagon taldeak A Contra Blues-ekin partekatuko du agertokia ekainaren 25ean, osteguna. Aiaraldeko banda horrek 12 urteko ibilbidea egin du bluegrassaren eta heavyaren konbinazio basati batekin. Denbora honetan, 1.000 kontzertu baino gehiago eman ditu; hainbat herrialdetan jo du (hala nola Estatu Batuetan, Belgikan eta Holandan), eta jaialdi nabarmenetan hartu du parte (besteak beste, Resurrection Fest, Azkena Rock, Erresuma Batuko Boomtown Fair eta Estatu Batuetako Muddy Roots Festival jaialdietan). 12 urte hauek ospatzeko, Moonshine Wagon-ek 12 Years Aged diskoa atera zuen argitara abenduan. Bilduma horretan, lehenengo hiru diskoetako 16 abesti grabatu dituzte berriro, talde arabarrak urte hauetan sendotu duen soinura egokitzeko.
Moonshine Wagon-ekin batera, jendeak A Contra Blues taldeaz gozatuko du ostegunean. Kataluniako talde ezagun hori ere, Jonathan Herrero gasteiztarra buru dela, urtemuga ospatzen ari da, 20 urte baitaramatza taula gainean jotzen. “Gasteizen asko estimatzen dugu banda hori; Korterrazan hainbat aldiz jo dute, eta haiekin batera ospatu nahi ditugu rock ona egiten daramatzaten bi hamarkada hauek. Gainera, Moonshine Wagon-ekin konbinatuta, ostegun benetan ikusgarria izango dugu”, azaldu dute Kultura Kalean! elkartekoek.
Korterrazak, halaber, Susan Santosen kontzertua baieztatu du ekainaren 26rako, ostirala. Estatu mailan, gitarra-jotzaile eta abeslari hori rockaren, bluesaren eta countryaren adierazgarri onenetako bat da dagoeneko, baina nazioartean ere aitortza egin diote, European Blues Awards eta LA Critic’s Awards sariketetan adibidez. 2024an, Sonora plazaratu zuen, orain arte argitaratu duen azkena.
Atal zinematografikoan, Korterrazak asteazken honetan (otsailak 4) irekiko du parte hartu nahi duten lanak inskribatzeko aldia. Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile bihurtuta, Korterraza jaialdiak 1.000tik gora film labur jasotzea espero du. Gero, Kultura Kalean! elkarteak 40 edo 45 lan hautatuko ditu jasotzen dituen guztien artetik, eta film horiexek osatuko dute Korterraza 2026ko hautaketa. Izena emateko epea maiatzaren 16an amaituko da. Lehiaketak emanaldi entretenigarri eta interesgarriak eskainiko dizkie herritarrei, mundu osoko film laburrekin, eta, edizio guztietan bezalaxe, Arabako edo euskaraz egindako obra ugari egongo dira.
Jaialdiak 8.000 euro inguru banatuko ditu sarietan, eta, aurreko edizioetan bezalaxe, epaimahaiaren eta publikoaren golardoez gainera, ordaina emango du hautaketan egoteagatik eta ikus-entzuleen kopuruagatik. Martxoaren 3a omentzeko emanaldian, ikus-entzuleek hautatutako sari bat banatuko da, Korterraza M3moria Saria; Sekzio Ofizialeko film laburrak Álex Angulo Sariengatik eta Keler Sariarengatik lehiatuko dira; ikus-entzuleek Publikoaren Saria-Laboral Kutxa Sarian botoa emango dute; komedia protagonista izango da Eleyco Taldearen Komediarik Onenarentzako Sarian; Korterraza Txikin Korterraza Txiki-El Correo Saria eta 2. Korterraza Txiki Saria emango dira, eta euskaraz egindako bi lan nabarmenenei aitortza egingo zaie Bertako Igogailuak-Euskara Sariarekin. Gasteizen, garaileen zerrenda Sensibiliza Sariarekin osatuko da. Korterraza Araban, proiekzioetan parte hartzen duten lagunek Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria hautatuko dituzte, botoa emanda.
Gizarte arloan, Korterraza elkarteak ekitaldi jasangarri eta ingurunearekiko errespetuzko bat bihurtzeko apustuari eutsiko dio. 2019tik, lehiaketak Erronka Garbia ziurtagiria lortu du, Eusko Jaurlaritzako IHOBE-Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak ematen duen aintzatespena. Lehiaketak, gainera, sexismorik, homofobiarik, transfobiarik eta edozein portaera zapaltzailerik gabeko ekitaldia izatearen aldeko apustuari eutsiko dio, eta erRESPETAtuz bederatzigarren kanpaina jarriko du abian, umorearen bidez, ingurukoei traba egin diezaieketen portaerez kontzientziatzeko asmoz.
Korterraza Kultura Kalean! elkarteak antolatzen du. Gasteizen, Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Arabako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Keler, Grupo Eleyco, Bertako Igogailuak, El Correo eta EITB, Radio Vitoria, Artium Museoa, Izaskun Arrue Kulturgunea eta Centro Cultural Montehermoso Kulturunearen babesa du jaialdiak. Araban, lehiaketak Arabako Foru Aldundiaren, parte hartzen duten udalen, Laboral Kutxaren, Eleyco Taldearen eta El Correoren babesa du.