
Larrua Proiektuak hamargarren urteurrena dauka, eta lan-ildo berri baten sorreraz ospatuko du: Larrua Senior: nortasun propioarekin datorren konpainiaren proiektu paraleloa. Ekimen honek 40 urtetik gorako interpreteak jarriko ditu erdigunean, heldutasun eszenikoa balio artistiko gisa aldarrikatuz eta dantza garaikidearen edadismoaren aurka borrokatuz.
Larrua Seniorrek esperientzia eta memoria duten gorputzak ikusarazi nahi ditu, Sorkuntza eta Elkarrizketarako espazio batean. Koreografo desberdinak gonbidatuko ditu proiektu berri bakoitzean, askotariko begiradak eskainiz gorputzari nahiz gorputzak denboran zehar izan duen bilakaerari.
Bere lehen sorkuntza gisa Dimo Milev koreografoak «You Have an Inner World, and So What?» dakarkigu. Poesia, umore eta bitxikeriaz beteriko eszenak uztartzen ditu, interpreteen barne-unibertsoan murgilduz. Keinuaren sotiltasunetik absurduraino, bizi gaituen barne-munduaren aberastasuna ezagutzeko gonbita da obra.