Lasarte-Oriako 2025eko inauteriak otsailaren 27tik martxoaren 3ra bitartean ospatuko dira.
Egitarauan nabarmentzen da konpartsen aurkezpena, desfilea eta ohiko sardinaren ehorzketa izango direla ekitaldi nagusiak. Aurten bost konpartsek parte hartuko dute: Jalgune, Biyak Bat, Intza Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu, guztira 262 konpartsakide izango direlarik. Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzen duten konpartsa guztiei, eta bereziki Frenetik konpartsari, sardina maketa egiteagatik.
Egun nagusia martxoaren 1ean, larunbata, izango da. Konpartsen aurkezpena 12:45ean egingo da Okendo plazan, konpartsen bazkaria izango da ondoren, eta arratsaldeko 17:15etik aurrera, desfilea Lasarte-Oriako kale nagusietan zehar. Eguna Merceron jarriko den karpan bukatuko da sari banaketarekin. Bertan, mozorro indibidual eta taldeko onenei sariak emango zaizkie, eta Cencerro 2025 irabazlea ere ezagutaraziko da. Guztira, 340 € banatuko dira ATERPEAko saltokietan trukatzeko bonuetan.
Egitaraua hainbat egunetan luzatuko den jarduera sorta batekin osatuko da. Otsailaren 26an, osteguna, Musika Eskolako ohiko Kontzertu Bufua izango da. Otsailaren 28an, ostirala, Euskal Inauteriak ospatuko dira, Ttakun Elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzarekin. Aurten, berrikuntza batzuk egongo dira, eta laster emango dira xehetasun gehiago.
Igande goizean, Lozet Elkartearen eskutik erraldoiak eta buruhandiak kalez kale ibiliko dira, eta arratsaldean, Mercero karpan, DJ saioa izango da nagusientzat. Martxoaren 3an, astelehena, Loidi Barrengo frontoian puzgarriak jarriko dira, eta amaiera gisa, sardinaren ehorzketa eta erreketa egingo dira, ondoren, ohiko suzko zezenen irteerarekin.