Intxaurrondoko Ibiltariaren XXXII. Astearen baitan, Latitude galduetan erakusketa Ivan Santamariak urruneko paisaietan egindako argazkien bilduma da.
Autoreak honakoa dio argazkien esanahia deskribatzeko: «Txikitan mundua ikasteko erabiltzen genituen atlasetako bazterretan zeuden, azken orrialdeetan. Latitude urrunak dira. Geografia arautuan galduak. Mapetan irudimenari irekitako espazio ia hutsak. Gure ohiko bizitzatik oraindik orain aldenduta dauden basamortu izoztuak. Zonalde polarrak, artikoak eta antartikoak, isolatuak eta bakartiak. Naturaren boterea miresteko paisaia amaiezinak, non bizitza, baldintza gordinetan ere, aurrera ateratzen eta loratzen ere badakien».