
Opari posible guztien artean, Javier Mileik motozerra bat aukeratu zuen Elon Muskentzat. Luziana Peker kazetari eta Espainiako estatuan erbesteratutako aktibista argentinarrarentzat laugarren olatu feministaren aurrerapenak suntsitzearekin eta politika sozialak desagerraraztearekin obsesionatutako eskuin mutur berriaren metafora perfektua da zakil horzdun itxurako objektu hau.
Argentina turboneoliberalismo feudal eta misogino honen laborategi berria da, Milei, Santiago Abascal eta Isabel Díaz Ayusoren arteko lotura estuen bidez Espainiako estatuan ere hedatu nahi dena. Hauek, aldi berean, Donald Trumpen jarraitzaile dira. Demokrazia ahultzea, protesta sozialaren errepresioa eta Latinoamerika atzean uzteko eta Europa markorik gabeko museo bihurtzeko saiakera dira Trumpen ardatz politikoak. Gorrotoaren engranaje hau hauteskundeak irabazten ari da. Polibillanoak, outsiderrak, autoritarioak eta neofaxistak gailentzen dira, eta gorrotoa ohiko bilakatzen dute. XX. mendeko genozidioaren izugarrikeriaren ondoren munduan finkatu zen sistema galtzen ari gara. Egoera honen aurrean, hego globaletik indartutako herri feminismoek, erreparazioa eskaintzen dute, protesta egiteko antolatzen dira, eta indarkeria putzu bat ez den mundu bat, topaleku bat, irudikatzen laguntzen dute.