Bi liburu aurkezpenak:
Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.
Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan.
Ez gaude Iraultza garaian. Ez gaude Erreforma garaian. Nire tesia da inpase garaian dagoela euskal politika eta gizartea». Ez aurrera eta ez atzera egoteak sortzen duen ezinegonetik abiatu da Joseba Zulaika antropologo, pentsalari eta idazlea, gure gizartearen bilakaeraz kezkatuta dagoen edozeini interesatuko zaion liburu hau osatzeko. Gaur egungo eztabaida askoren kale itsuei beste modu batera begiratzeko osagaiak aurkituko ditu irakurleak saiakera honetan: euskaldunak gara ala baskoak? Euskararen aberria nahi dugu ala estatu independentea? «Gizartea» ala «herria» izan behar dira ardatz gure politiketan? Behin betiko erantzunak baino, gure geldiaro honen zergatiez pentsaraziko dizun lana duzu Aberriaren inpaseak.