Urteroko olatua da Literatur Amuak jaialdia eta aurten ere indarrez dator herrira, Udaleko euskara sailaren eskutik. Herriko sortzaileak erdigunean ipinita, disziplina anitzeko jarduerak eskeiniko dituzte urriaren 24tik azaroaren 28ra bitartean. Euskara eta sormena erdigunean ipinita, literatura, antzerkia, filmak, solasaldiak, ibilbide literarioak, umorea, argazkilaritza, bertsoak eta komiki-erakusketa egongo dira herritarren eskura, doan.
Ekintza guztiak izango dira doakoak eta ez da sarrerarik eskuratu beharko; aforoa bete arte sarrera librea egongo da guzteitan.
Ohi modura Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren sariketak emango dio hasiera Literatur Amuak jaialdiar. Lehenengo, aurtengo beka deialdiko irabazlea zein den ezagutzera emango dute Udalak eta Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek, eta ostean, iazko bekatik sortutako Sakelako bihotzak liburuaren aurkezpena egingo du Julen Apella idazleak, Joxemari Urteagarekin solasean. Egun berean, goizez, elkarrizketa musikatu saioa eskainiko da ikasleentzat Kofradia Zaharrean, Ugaitz Alegriaren eskutik: gazteek sortzaile euskaldunak zuzenean ezagutzeko aukera musikaren bidez.
Zapatuan, irakurle klubaren txanda izango da Txomin Agirre udal liburutegian, eta domekan, Itoiz udako sesioak filma eta solasaldia ikusteko aukera egongo da, 19:00etan Kofradia Zaharrean. Jose Garate ‘Foisis’ ere bertan egongo da.
Urriaren 30 eta 31rako jauzia emango du egitarauak gero. Arimen Gaua izango da bi egun horietako oinarria eta horren bueltan eskainiko dira umeentzako kontakizunak eta Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz filma. Horiez gain, Etxelilan liburu aurkezpena ere egongo da, eguenean (urriak 30) 18:30ean: Arpegiko narrua kenduko deutsuet: Tramanak eta Brixek (eta bestek) Ariadnari hizkuntzaz, sexuaz eta generoaz irakatsi ziotena.
Azaroaren 1ean idazle eta musikari ondarrutarrek hartuko dute herria. Goizean (12:00etan Kofradia Zaharrean), Kalian gora, maria behera literatur ibilbideetako beste bi ezagutuko ditugu, Mikel Etxaburu eta Leire Bilbao idazleen eskutik. Jarraipena emango diete iaz Kirmen Uribek eta Ana Urkizak sortutako ibilbide multzoari, euren lanetan oinarritutako sorkuntzetatik abiatutako ibilbide literarioak ezagutaraziz. Ondarroako Udalaren euskara saileko proiektu garrantzitsua da hau, iaz hasitakoa. Hleburua da herrian dauden eta egon diren idazleen eskutik, eta euren sormen lanetan oinarrituta, herria ezagutzeko ibilbide literarioak sortzea nobeletako pasarteetan oinarrituz; euskara, herriaren ezagutza, literatura eta turismoa uztartzen dituen proiektua da, nola ez, euskara ardatz. Arratsaldean, musikaren txanda izango da; 19:00etatik aurrera, Kofradia Zaharrean: Biren, Mahl Kobat eta Aiza Gandarias eta Olatz Naberan bikotea.
Domeka arratsaldeak musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzeko balio izango du, hiru urtetik aurrerako umeentzat. 17:30ean hasiko da Kofradia Zaharrean Batetik Bestera ikuskizuna, Benetan be taldearen eskutik.
Literatur Amuak jaialdiak dirauen bitartean, erakusketa bat egongo da ikusgai eta amaierako egunarekin batera beste bat ere hasiko da: