LITERATURA
Literatur tailer honetan Uxue Alberdiren unibertso literariora hurbilduko gara. Alde batetik, testu literario zenbaiten irakurketa kolektiboa egingo dugu, eta, aldi berean, testu literarioen sorkuntza-prozesuaz arituko zaigu Uxue Alberdi. Besteak beste, narraziogintzan Alberdik jorraturiko ezaugarri hauetan jarriko da arreta: narrazio-arkitekturak eta ahots narratiboak eraikitzeko bideak; giroak eta eszenak eraikitzeko estrategiak; osagai eta geruza sinbolikoen ehuntzeak; beste testu literario batzuekiko oihartzunak…
Idazlea eta bertsolaria da. Argitaratu duen azken nobelak “Hetero” du izen. Horrez gain, beste bi nobela ditu (“Aulki-jokoa” eta “Jenisjoplin”), ipuin-liburuak, kronika lierario bat… Haur-literaturan hainbat lan ditu argitaratuak; haien artean, “Besarkada” (Euskadi Saria 2016), “Hili” eta “Poza” album ilustratuak. Alfonsina Storniren poemak itzuli ditu euskarara, eta zenbait irakurle talde gidatzen ditu. “Kontrako eztarritik” saiakerak Saiakerako Euskadi Saria jaso zuen 2019an. Bertsolaritza eta feminismoa uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartzen du.
Literatura-kritikaria eta literatura-ikertzailea da. Euskal literaturaren, kritika feministaren eta literaturaren didaktikaren inguruko hainbat ikastaro, saio eta hitzaldi eskaini ditu, baita Bigarren Hezkuntzan literatura irakasteko materialak atondu ere. Euskaltzain urgazlea da, eta UEUko Literatura sailburua izan da urteetan.