2025eko Lotura Mekanikoak Performance Zikloaren barne.
«Zuek zaretelako dantza egiten dut nik!»
Horrela hasten zen Mario Maya dantzari eta koreografo handiak 1976an estreinatu zuen Camelamos Naquerar ikuskizuna.
Edo hori uste nuen nik, horrela hasten zela…
Nola ikertu, berridatzi edo berregin inoiz ikusi ez dudan ikuskizun bat? Nola sortu, daukadan materialetik abiatuta? (material hori osatugabea eta nahasia da) Nola iragazi neure gorputzetik, dantzaria naizen aldetik, erakusteko? Edo… are hobeto, neure bizitzatik.
Esan ahal izango nuke? C
amelamos Naquerar-ek ‘hitz egin nahi dugu’ esan nahi du kaloz, beraz… nire oinez, aldakez edo besoez gain, ahots bat izan nezake? Kontatu, idatzi, irakurri eta erakuts nezake ikuskizun hau zeharkatzen duen eta ni hunkitzen nauen materiala?
Zer eginkizun ematen diogu iraganari orainaldian sortzeko? Nola bihurtu hori denboran zehar hausnartzen lagunduko digun tresna kontziente?
Galderak, sorkuntza, gurutzatzen diren materialak, beste leku batzuetara botatzen gaituzten hariak, dantza, musika, testuak… zentzumenen bidez bidaiarazten digun konexioz betetako mundu oso bat.
Leonor Leal
Prestakuntza sendoko dantzari berezia (Dantza Klasikoa eta Espainiarra), flamenkoaren bidez garatzen du bere sormena. Moldakorra, askotariko testuingurutan mugitzen daki eta hazi egiten da erronken aurrean. 2008az geroztik, ibilbide eszeniko sendoa eta egonkorra du, eta hainbat proiektu garatu ditu batera (antzerkia, pieza didaktikoak, bideo-dantzak). Flamenkoaren nazioarteko erakusketa nagusietan parte hartu du: Sevillako eta Holandako biurtekoetan, eta Jerez, Düsseldorf, Esch-Luxemburgo, Nîmes, Mont de Marsan, Toulouse, Londres eta New Yorkeko jaialdietan. Bere karrera mundu osoko nazioarteko flamenko eskola eta jaialdietako irakaskuntzarekin uztartzen du.