2025eko Lotura Mekanikoak Performance Zikloaren barne.
La carta roja (2025) Lotura mekanikoak ziklorako propio sortu eta ekoitzitako performance-ekintza bat da. Hainbat gutun eta testu-zatiekin ondutako gutun bat irakurtzea da ekintzaren muina. Bertan, 1973ko kolpe militarraren ondoren Txile mundu mailako neoliberalismoaren lehen laborategi bihurtu zuen eredu ideologiko eta ekonomikoa ezartzeko prozesuaren berri ematen da. Aipatutako egileak Milton Friedman, Arturo Fontaine, Joaquín Lavín, Orlando Letelier, André G. Frank, Juan Gabriel Valdés eta Eduardo Galeano dira. Kolore gorriak (zentzu bikoitzeko jolas batean argazki-errebelatzearen prozesua eta espektro-sentsibilitatea adierazten ditu, eta, aldi berean, errebelazio kritikoa) kromatikoki gogorarazten digu neoliberalismoa basatiki ezarri zela su eta gar Txile suntsitu batean. Baina gorriari lotutako tenperatura altuak erreskateenergia solidarioen transmisore gisa ere funtzionatzen du.
Patrick Hamilton (Lovaina, 1974) Madril eta Txileko Santiagoren artean bizi da. Bietan lan egiten du. Bere praktika ekonomiaren, kritika kulturalaren, artearen historiaren eta Txileko historia politikoaren arteko elkargunean kokatzen da, ondoko gaiak jorratuz, besteak beste: neoliberalismoaren krisia, lanaren krisia, gizarte- eta ingurumen-desorekak eta kapitalismo berantiarreko garapenaren nozioaren kontraesanak. Hamiltonek abstrakzio geometrikoa erabiltzen du neoliberalismoaren eraketari eta jarduteko moduei buruzko ikerketa eta hausnarketa zorrotza garatzeko. Nelly Richard teorikoaren hitzetan, Hamiltonek «memoria arkeologiko bat jartzen du lanean», hau da, artxiboko irudiak eta iraganeko materialak biltzen ditu, oraina definitzen duen indar-talka ulertzen saiatzeko.