Bilboko Udalak «Magiaren Topaketak» magia-topaketen 21. edizioa jarriko du abian datorren ostiralean, maiatzak 2. Topaketak adin guztietako pertsonei zuzenduriko programazio anitza aurkezten du, bere izendatzaile komuna magia delarik, bere forma guztietan.
Aurten dozena bat artistak parte hartuko dute eta haien gaztetasuna azpimarratzekoa da. Hiruk ibilbide profesional handia dute (Imanol Ituiño, Tor magoa eta Txoborro magoa), beste hainbeste edizio honetan estreinatuko dira (Peio Rivas, María Arandia eta Alain Zulaika) eta azken talde honetako bi urteetan jaialdi honen barruan antolatu den lehiaketa amateurretik datoz (Peio eta María). Horietatik lau Bilbokoak eta Bizkaikoak dira, beste bost Euskal Herrikoak eta beste hiru Galizia, Katalunia eta Valentziako Erkidegokoak.
«Magiaren Topaketak» maiatzaren 31ra arte ospatuko da ohiko egoitzetan, Otxarkoagako Udaltegian eta Txurdinagako Garai Lorategiak plazan. 11 emanaldi izango dira eta horiei erakusketa bat gehituko zaie. Aurtengo programazioak bi erabateko estreinaldi izango ditu: «Naipes y barajas, los utensilios mágicos más usados» erakusketa (maiatzaren 2tik 31ra) eta «Entre naipes y misterios, un viaje cartomágico» hitzaldi-ikuskizuna (maiatzaren 15ean), biak Otxarkoagan. Gainera, Euskadin estreinaldiak izango dira «El loco show» (maiatzaren 9an, Udaltegian), «30 años de Struc» (maiatzaren 24an) eta «Don Gelati» (maiatzaren 25ean) ikuskizunak, biak Txurdinagan.
Aurtengo edizioan, euskarazko ikuskizunak bitik laura igo dira tokiko mago gazteen parte-hartzeari esker: «Botila barneko aztiak eta beste hainbat istorio» (maiatzaren 8an), «Amarru» (maiatzaren 14an), «Freakshow» (maiatzaren 23an) eta «Magia zaparrada» (maiatzaren 24an). Bi elebidunak izango dira: «Naipes y barajas, los utensilios mágicos más usados» (maiatzaren 2tik 31ra) eta «Magia eta mirariak» (maiatzaren 7an). Gainerakoak gaztelaniaz dira, eta bat, testurik gabe.
Maiatzaren 3, 7, 8 eta 9ko emanaldiak doako gonbidapenekin izango dira eta pertsona bakoitzak gehienez bi emanaldi egin ahal izango ditu. Otxarkoagako Udaltegian hartu ahal izango dira egun horietan bertan, 18:00etatik aurrera, agortu arte.
Nabarmentzekoa da Manolo Costaren eta Mindanguilloren «El loco show» ikuskizunak, maiatzaren 9an, FISM irabazi zuela eszenan. FISM nazioarteko erakundea da eta mundu osoko dozenaka klub eta federazio nazional eta internazional koordinatzeaz arduratzen da. Federazioak konferentzia bat antolatzen du hiru urtean behin, eta, bertan, Munduko Magia Txapelketa egiten da; magiako txapeldun nazionalak eta kontinentalak hainbat kategoriatan lehiatzen dira. Kasu honetan, bikote honek Europako FISM txapelketa irabazi zuen, eszenako magia modalitatean. Gainera, magia komikoaren txapeldunak dira Estatuan.
«MAGIAREN TOPAKETAK» 2025 PROGRAMAZIOA
OTXARKOAGAKO UDALTEGIA
Maiatzaren 2tik, ostirala, 31ra, larunbata. 08:30etik 21:00etara
“NAIPES Y BARAJAS, LOS UTENSILIOS MÁGICOS MÁS USADOS” ERAKUSKETA, DRAMAGIA-REN ESKUTIK
Makilatxoa ez da ilusionismoan gehien erabiltzen den tresna, nahiz eta askotan horrela uste. Ilusionista baten lagunik ohikoena karta-sorta da. Zatoz erakusketa honetan ezagutzera: bilduma pribatu baten laburpen bat da eta garai eta munduko leku desberdinetako karta-sortak ditu.
Maiatzak 3, larunbata. 19:00etan
“VER PARA CREER”, PEIO RIVAS
Ilusionismoaren promesa gazte honek emanaldi eta efektu berritzaileak sortzen ditu modu autodidaktan. Musika eta magia protagonista bihurtzen diren ikuskizuna aurkezten du, efektu klasikoak eta modernoak uztartuz, ikusleen partaidetza handiarekin eta umore apur batekin.
Maiatzak 7, asteazkena. 19:00etan
“MAGIA ETA MIRARIAK”, MARÍA ARANDIA
Ikuskizun honetan, artista gipuzkoar gazte hau mundua ulertzen saiatuko da, publikoaren eskutik, magia, umore eta poesia apur baten bidez. María Arandiak bere zigilu pertsonala inprimatzen du bere emanaldietan eta bizitzaren eta bere balioen ikuspegia adierazten du.
Maiatzak 8, osteguna. 19:00etan.
“BOTILA BARNEKO AZTIA ETA BESTE HAINBAT ISTORIO”, IMANOL ITUIÑO
Magia eta istorio magikoak uztartzen dituen antzerki ikuskizuna dakar Bilboko mago honek. Azti batek 1749an iragarri zuen botila baten barruan sartzeko gai izango zela. Baina hori ez zen inoiz gertatu. Gaur izango al da publikoak hau ikusteko eguna?
Maiatzak 9, ostirala. 19:00etan
FISM A ESCENA: “EL LOCO SHOW”, MANOLO COSTA ETA MINDANGUILLO
Europako sarituena den magia komikoko duo honek onbideratze eta adiskidetasun istorio batean murgiltzen du publikoa antzezlan honekin; magiak bizia hartzen du. Publikoa liluratuko duen ikuspegi hunkigarri batekin, irudimena aztertzera eta haurtzaroaren inozentzia berraurkitzera gonbidatzen du antzeslan honek.
Maiatzak 14, asteazkena. 18:00etan
“AMARRU”, TOR MAGOA. Otxarkoagako Udal Liburutegiarekin lankidetzan
Euskal Telebistan aurpegi ezaguna izanik, Tor magoak bi mila emanaldi baino gehiago egin ditu haur, heldu eta animalientzat, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Sorginkeria, trikimailu eta konjuru liburu zahar batetik abiatuta, Torrek egoera benetan magikoekin harrituko du.
Maiatzak 15, osteguna. 19:00etan
HITZALDIA – IKUSKIZUNA: “ENTRE NAIPES Y MISTERIOS, UN VIAJE CARTOMÁGICO”, DAVID BLANCO
Mentalismoaren lehen Sari Nazionala eta Erresuma Batuko Saria jaso duen eta Dramagia ikuskizunen zuzendari den David Blanco izango da hitzaldi atsegin honen gidaria. Ikuskizun interaktibo honetan karten unibertso misteriotsua aztertuko da, bere jatorri enigmatikotik hasi eta harridurarako eta iragarpenerako tresna gisa izan duen bilakaeraraino.
GARAI LORATEGIEN PLAZA TXURDINAGAN
Maiatzak 23, ostirala. 18:30etan
“FREAKSHOW”, TOR & TXOBORRO MAGOAK
XX. mende hasierako Freak Showetan oinarrituta, Tor eta Txoborrok – ibilbide profesional luzea dute – izaki arraroz betetako ikuskizuna aurkezten dute: emakume magnetikoa, munduko zorterik handiena duen tipoa, dena dakien pitonisa…
Maiatzak 24, larunbata:
13:00etan. “MAGIA ZAPARRADA”, ALAIN ZULAIKA
Arte eszenikoetan hezia, mago gazte hau etengabeko ilusioen ekaitza bezala definitzen den ikuskizun baten protagonista da, non ezinezko gauzak etenik gabe gertatzen diren, txikiak eta handiagoak harriduraz eta barrez lehertuta utziz.
18:30etan. “30 AÑOS DE STRUC”, STRUC
La Cía. Struc-ek bere 30 urteko ibilbidea ospatzen du, emanaldi berezi batekin. Antzespen berri honekin bere betiko jokoak omentzen dira eta erabat berriak diren beste joko batzuk ere aurkezten dira. Arnasa hartzeko minutu bat ere uzten ez duen magia ikuskizun zirraragarri bat.
21:30etan. “Las apariencias enMAGIAn”, PEDRO III ILUSIONISTA
Komedia magiko antzeztua, non ilusionista veterano honek agerian utziko duen ez dela gauza bera errealitatea eta gure garunak berak interpretatzen duena. Zentzumenek hautematen dutenaren eta benetan gertatzen denaren arteko desberdintasunekin jolastuko da, eta… Magia!!!
Maiatzak 25, igandea. 13:00etan
“DON GELATI”, DANI GARCÍA
Egun eguzkitsu batean, izozki saltzaile bitxi bat iristen da plaza nagusira. Don Gelatik etengabeko ezbeharrak jasango ditu bere gurditxoarekin, eta azkar konpondu beharko ditu, buru argiz eta magia askorekin, bere izozkiak urtu baino lehen. Kaleko magia ikuskizun honek familia osoaren partaidetza aktiboa eskatzen du, gure izozkigilea publikoaren laguntzarekin bakarrik aterako baita estualditik.
«Magiaren Topaketak» ekimenak Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan ezarritako ildoei erantzuten die: herritarrei kalitatezko kultur programazio deszentralizatu eta jarraitua eskaintzea, euskararen erabilera sustatzeko.