Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Mahai-ingurua: «KOMIKIA KONTU SERIOA DA»

mayo 7

Iruñeko Udalaren erabilera anitzeko aretoa (Calderería k.11). Maiatzak 7, 19:00. Mahai ingurua – KOMIKIA KONTU SERIOA DA. Parte-hartzaileak: JULEN GABIRIA, ANDREA PROSPER, MARTIN ETXAURI ETA MAITE MUTUBERRIA.

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin eta Biurdana Institutuarekin lankidetzan, Komikia kontu serioa da mahai-ingurua antolatu du, Biurdana Institutuan eginen den euskarazko irakurketa publikoaren harira. Oraingoan, Joe Sacco egile estatubatuarraren Palestina lana omenduko du.

Mahai-inguruan Julen Gabiriak parte hartuko du, Palestina komikia euskaratu baitu, bai eta Saccoren trilogiaren beste bi komikiak ere: Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak.
Mahai-ingurua egin aurretik, Gabiria zenbait minutuz arituko da Palestinako egoerari buruzko trilogiaren itzulpen-prozesuan izandako bizipenei buruz, baita 1992an Pulitzer saria jaso zuen Art Spigelmanen Maus holokausto naziari buruzko lanaz ere.
Ondoren, mahai-ingurua eginen da, komikiaren hizkuntza istorio konplexu eta sakonak kontatzeko tresna gisa erabiltzeko aukerari buruz hausnartzeko, errealitatearen esentzia atzemateko binetak erabiliz.
Julen Gabiriaz gain, Andrea Prosper ilustratzaileak eta Martin Etxauri Txo!? ikertzaile eta ilustratzaileak hartuko dute parte. Maite Mutuberria ilustratzailea mahai-inguruaren gidaria eta moderatzailea izanen da.

Julen Gabiria itzultzailea eta idazlea da eta lan-ibilbidean honako lanak itzuli ditu euskarara: Peter Pan (J.M. Barrie), Maus (Art Spiegelman), Palestina (Joe Sacco), Hilobiko isiltasuna (Arnaldur Indriðason), Coraline (Neil Gaiman)…
Connemara gure bihotzetan eta Han goitik itsasoa ikusten da eleberriak eta Iparragirreren biografia idatzi ditu. Halaber, haur literaturako lanak argitaratu ditu: Metro bateko letrak eta Nire aita ikusezina da. 2009an euskarazko antzezlanik onenaren MAX saria jaso zuen Superplast obrarekin. EITBn gidoilari aritu da eta Euskal Herri osoko askotariko argitalpenetan kolaborazioak egiten ditu.

Andrea Prosper ilustratzailea da eta berak sortutako Marrakatue proiektu sortzailea kudeatzen du. Proiektu horrek marrazketaren eta umorearen bidez euskara irakastea eta zabaltzea du helburu.

Martin Etxauri Sainz de Murieta “Txo!?” artista eta ikertzailea da hedabide berrietan. Teknotrakitana arte- eta teknologia-kolektiboaren zein Dropezframes bideo-jartzaile kolektiboaren kide sortzailea da. Live-coding, musika edo dantza garaikidea barne hartzen dituzten lankidetza-proiektuetan atal bisualaren ardura izan ohi du.

Maite Mutuberria ilustratzailea da, haur eta gazte literaturako hainbat liburu ilustratu ditu eta zenbait sari lortu ditu arlo horretan, esate baterako Lazarillo Saria 2014an. Halaber, 2022ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Ilustrazioaren modalitatean Irrimola (Ikaselkar, 2021) lanari esker.

Local

Udalaren erabilera anitzeko aretoa (Calderería k.11)
Pamplona/Iruña, Navarra 201 España