Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak bosgarren edizioaren programa osoa aurkeztu du Donostian. Horrela, datorren urriaren 9an, Mugak/ Bienala hasiko da, eta Euskadiko hiru hiriburuetara ia ehun jarduera eramango ditu, arkitektura herritarrengana hurbilduz azaroaren 14ra arte.
Premisa horrekin, Mugak/ 2025 ekimenari hasiera emango zaio urriaren 9an, 18:00etan, Kursaalen, Lesley Lokko OBE arkitekto, katedradun eta aktibista ghanar-eskoziarraren inaugurazio-hitzaldiarekin. Sarrerak doakoak dira eta dagoeneko eskura daitezke Bienalaren webgunearen bitartez.
Egun horretatik aurrera, edizio honen erakusketa nagusia zabalik egongo da, ‘Eu-topías, Ou-topías’ izenpean. Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI-IAE) egoitza izanik, aurten ere erakusketa koral baten itxura hartuko du, eta arkitekturako eta arteko figurei utopia bere lanaren bidez irudikatzeko deia egingo die. Guztira, bederatzi pertsona eta erakunde ezagunek, gehienak nazioartekoak eta aintzatespen handikoak, sortu dute erakusketa nagusi hau, bosgarren edizio honetako leloarekin lerrokatuta: “Gazteluak airean, edo utopia gaur nola eraiki”.
Erakusketak pentsamendu utopikoa arkitekturatik lantzeko modu desberdinak erakutsi nahi ditu, eta horretarako Lesley Lokko OBE katedradunaren, Constant Niewenhuysen, John Porralen, Txuspo Poyoren, Aristide Antonasen, Sir Peter Cooken, David Brownen, Richard Senneten, Juno Calypsoren eta Rem Koolhaasen pieza eta lanak biltzen ditu.
Izan ere, pertsona ezagun horietako batzuk Euskadin izango dira udazkenean. Sir Peter Cook arkitekto ingelesaren kasua da, urriaren 22an hitzaldi bat emango duena Donostiako Antzoki Zaharrean. Arkitekturako beste figura handi batek, Massimiliano Fuksas italiarrak, Actar argitaletxeko Ramón Pratekin hitz egingo du Bilboko Azkuna Zentroan, urriaren 31n.
Arkitektura hiru hiriburuetan
Bienal honetako mugarrietako bat hiru plaza enblematikotan hiru arkitektura iragankorren eraikitzea izango da. Donostiako txanda urriaren 10ean izango da, Izaskun Chinchilla Architects-en ‘Levedad y denuncia: el bordado como utopía en femenino’ proposamena inauguratuko denean, Alderdi Ederreko zabalgunean. ‘Etxenoi’, Bilboko Emakumeen Plazarako AMA Architectural Office-ren proposamen irabazlea, urriaren 17an aurkeztuko da jendaurrean. Azkena ‘Utopía: prohibido el paso’ izango da, urriaren 23tik aurrera Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza bitan banatuko duen Sebastian Bayo arkitekto eta artistaren horma. Hirurak izango dira edizio honetako ekitaldi ezberdinen eszenatokia, hala nola Maushausek eta No Man’s Land-ek elkarlanean antolatutako ‘Architecture without building’ tailerrarena.
Zentralaz gain, edizio honek erakusketa berriak ekarriko ditu. Santos Bregañak ‘Ucronías de San Sebastián’ eramango du Donostiako DBus markesinetara. Bertan, urriaren 10etik aurrera hirian gauzatu ez ziren arkitektura eta hirigintza proiektuak erakutsiko ditu. Chillida Lekuk aurten ‘Limina – Cosmopolitan Chicken Project 30’ antolatuko du, urriaren 16tik aurrera, kultura-aniztasuna ardatz hartuta, eta publikoa ohiko erakusketa-ibilbidetik irtetera gonbidatuko du. Egun berean, Peña Ganchegui Sariak aurtengo finalistak erakutsiko ditu EAI-IAEn. Off Mugak/ jarduera paraleloen programaren barruan, Donostian ‘Hurrengo Geltokia: Amara-Easo’ ikusi ahal izango da, hirian etxebizitza babestuaren hirigintza-operazio handienari eskainia, ‘Playa de Vías’. Urriaren 15etik aurrera egongo da zabalik Easo kaleko Suhiltzaileen Geltoki Zaharrean. Gasteizen, ‘Entretejidas’ erakusketak, Zaida Muxík eta Tecnológico de Monterrey-ko talde batek komisariatua, Mexikoko mugan arkitektuen lana ikusaraziko du, urriaren 23tik aurrera ‘Utopía: prohibido el paso’ harresia agertoki gisa hartuta.
Publikoak hitzaldi egitarau zabal eta interesgarriaz gozatzeko aukera izango du berriz. Arkitektura iragankorren egileak beren sorkuntzetan bertan izango dira, horiek publikoarekin batera inaugurazioan aztertzeko. Constant artista holandarraren Babilonia Berriak garrantzi berria hartuko du Juan Pro historialariaren begiradaren bidez, urriaren 31n EAI-IAEn egindako proposamena gogora ekarriz. Off Mugak/ programak proposamen interesgarriak ere biltzen ditu, hala nola Lilly Reichek utzitako ondareari buruzko elkarrizketa, EAI-IAEn urriaren 18an.
Formatu berritzaile gisa, ‘HAUSTURAK’ proiektuak, hitzaldiez gain, Edorta Subijanak, Garazi Egigurenek eta J. Sassok azaroaren 6tik 8ra Donostiako Iesu elizara eramango duten ikus-entzunezko instalazio murgiltzailea eta performancea eskainiko ditu, 21:00etan. Chillida Lekun, Fernando Cremadesek ‘Interespecies’ tailer-performancea eskainiko du urriaren 25ean, 17:00etan. Hiru hiriburuetan, konpainia eta artista ezberdinek performance bidez interpretatuko dituzte ‘Architecture without building’ tailerrean sortutako egiturak.
Itxiera azaroaren 14an iritsiko da. Edizio hau agurtzeko aukeratutako formatua arkitekturako biurtekoei buruzko hausnarketa izango da, diskurtso berriak ikusarazteko plataforma gisa ulertuta. Gaur egun, kritikoaren eta ikusgarriaren, esperimentalaren eta instituzionalaren artean definitzeko erronkari aurre egin behar diote. Testuinguru horretan, zenbait komisario eta nazioarteko kultura-eragilek hitz egingo dute, arkitekturako biurtekoen zentzuari eta etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa eginez: Eva Franch, Ethel Baraona, Iker Gil, Fabrizio Gallanti eta José Ángel Medina, Marta Rinconek moderatutako mahai batean. Topaketari amaiera emateko, performance musikal batek 2025eko Mugak/ Bienalari agur esango dio.
Jarduera guztiak erabat doakoak dira, baina batzuek aldez aurretik izena ematea eskatuko dute. Informazio guztia, baita programa osoa ere, Mugak/ Bienalaren webgunearen bidez dagoeneko kontsulta daiteke.