Cargando Eventos

« Todos los Eventos

MusEkintza 2025/2026 – Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen Jaialdia

septiembre 20, 2025 - junio 6, 2026

MusEkintza jaialdiaren bosgarren edizioa 2025eko irailetik 2026ko ekainera bitartean egingo da. Hamabi ikuskizun egongo dira, hainbat diziplinatakoak, hala nola antzerkia, musika, dantza, umorea, bertsoak edo magia. Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen kultura-proiektu bat da, eta artea eta ondarea uztartzen ditu. 

MusEkintzak murgiltze-esperientzia artistikoa proposatzen du lurraldeko leku enblematikoetan, hala nola, Santimamiñen (Kortezubi), Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Bakioko Txakolin Museon, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Muskizko Muñatones Gazteluan eta El Pobaleko Burdinolan edo Bilbon kokatutako Arkeologia Museoan. Espazio horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu.

Mugimenduan dauden arte eszenikoen jaialdi gisa sortua, MusEkintzak museoak eta enklabe historikoak ezohiko agertoki harrigarri bihurtzen ditu, TRACKEN studiok diseinatutako argiztapen eta proiekzio dekoratibo zainduarekin osatutako proposamen artistiko bati esker, zeinak ikuskizun bakoitzaren atmosfera indartzen duen.

Mota guztietako publikoarentzat pentsatutako programazio anitza

Programazioa 2025eko irailaren 20an hasiko da Santimamiñeko koban, Hortzmuga Teatroaren Gozamenen Lorategia/El Jardín de las Delicias izeneko El Boscoren obran inspiratutako gaueko instalazio murgiltzaile batekin. Hurrengo, irailaren 27an, Julen Axpe komikoaren Furgonologoa umore-ikuskizuna egingo da Europako Herrien Parkean (Gernika-Lumo).

Jarraitzeko, estilo anitzeko hainbat proposamen egongo dira, hala nola Billie Holidayri buruzko musika-narrazioa Bermeoko Arrantzaleen Museoan (urriak 4), Adriana Bilbaoren Amores, Maitasunak dantzatutako poema eta abestien suitea Bakion, Txakolin Museoan (azaroak 15), edota Aralar Quartet hari-laukotea Euskal Herria Museoan, Gernika-Lumon (2026ko urtarrilak 24).

MusEkintzak haurrentzako antzerkiaren aldeko apustua ere egingo du, Urargi antzezlan sentsorialaren bidez (Bakioko Txakolingunea, 2026ko otsailak 7).

Beste zenbait puntu nabarmengarri izango dira magia-ikuskizun bat Muskizko El Pobaleko Burdinolan, Jon Zabal, Lur Aranburu, Gonzalo Albiñata eta Imanol Ituiñorekin (2026ko martxoak 28); ¿Verdad o Mentira? obra interaktiboa Balmasedako Encartada Fabrika-Museoan (2026ko apirilak 18); Ez da kasualitatea bertso-saio feminista Muskizko Muñatones Gazteluan (2026ko maiatzak 9), eta Ai Gure Juaneteak!, Mikel Laboaren abestiei omenaldi eszenikoa Bermeon (2026ko maiatzak 23).

Jaialdia 2026ko ekainaren 6an iritsiko da Bilboko Arkeologia Museora, dantza garaikideko arratsalde batekin, Garazi Etxabururen eta Osa+Mujika konpainiaren eskutik. Espazio horretan bertan itxiko da MusEkintzaren edizio hau, Mikel Santiagoren Whodunnit? misterio-ikuskizunarekin (2026ko ekainak 20). Bertan, publikoak krimen bat ebatzi beharko du esperientzia interaktibo batean.

Artea lurraldera hurbiltzen duen kultura-proiektua

Jaialdiko jarduera guztiak doakoak dira, baina gehienetarako erreserba behar da, zeina jaialdiaren webgune ofizialaren bidez (www.musekintza.eus ) egin daitekeen.

 

Local

Bizkaiko hainbat museotan
Bilbao, Bizkaia 020 España