Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Bizkaian (egitaraua)

mayo 18

Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaian ospatuko da programazio berezi eta doako sarrerekin Bizkaiko museo gehienetan, gainera tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da. Ekimen honi buruzko informazio guztia, baita Bizkaiko museoen eskaintza ere, museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.

Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko proposamenarekin. «Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste» lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko museoen ordezkaritza zabalarekin batera, maiatzaren 18an egingo diren ekimenak aurkeztu ditu.

Bizkaian, Foru Erakundeak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena antolatu du maiatzaren 18an Abandoibarran, Evaristo Txurruka kaian, Bilbon. 11:00etatik 19:00etara, ikusentzunezko pieza batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bertan, lurraldeko 45 museoetan barrena ibilbidea egin ahal izango dute, egun batean museoen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera emanez. Gainera, Bizkaiko museo-eskaintzari buruzko materialak banatuko dira.

Gune horretan bertan, maiatzaren 18an, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerren gune bat jarriko da, museoekin lotutako sorkuntza- eta hezkuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko. Tailerrak 11:00etatik 15:00etara egongo dira zabalik. Parte hartu nahi dutenek tailerren gunera hurbildu eta izena eman beharko dute, parte hartzea librea da aforoa bete arte.

Abandoibarrako jarduerez gain, Bizkaiko museoek jarduera bereziekin eta doako sarrerarekin ospatuko dute eguna museo gehienetan. Programatutako jarduerei eta museo parte-hartzaileei buruzko informazio guztia museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.

Bizkaiko Museoen Nazioarteko Eguna gure historia, artea eta kultura zaindu eta partekatzeko guneak ezagutzeko eta haietaz gozatzeko gonbidapena da. Ikasteko, hausnartzeko eta gure nortasunarekin konektatzeko aukera bat, gure lurraldeko museo-aberastasunaren bidez.

Maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko museoek askotariko kultur programazioa prestatu dute ate irekien jardunaldiekin, bisita gidatuekin, tailerrekin, kontzertuekin eta publiko guztientzako jarduerekin.

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bizkaiko Museoek antolatutako ekintzak

Arkeologia Museoa Bilbon maiatzaren 17an, 12:00etan eta 17:00etan Museoko espazio ezkutuetara bisita gidatua eskainiko du. Museoko ohiko bisitetan ikusten ez diren espazioak erakutsiz, bi bisita gidatu izango dira: Goizeko 12:00etan euskarazko bisita gidatu bat eta arratsaldeko 17:00etan gazteleraz izango da. Maiatzaren 18an «Baleazaleen herriak» famili tailerra ere izango da 11:30ean. Maiatzaren 17an eta 18an sarrera doan izango da.

Bestalde, Bilboko Itsasmuseumek sarrera doakoa izango du eta maiatzaren 18an Urez Ur Fest jaialdia hartuko du, itsas ingurunearen dibulgazioari, kontzientziazioari eta kudeaketari eskainitako jaialdia, publiko guztientzako doako jardueraz betetako programarekin, 11:00etatik 19:00etara. Gainera, itsasoari, bere naturari, faunari, florari eta gogora ekartzen dituen emozioei buruzko argazki erakusketa bat bisitatu ahal izango da. Horren osagarri, maiatzaren 22an, osteguna, 19:00etan, Javier González de Durana Isusik hitzaldi bat emango du Zorrotza inguruko pintura inpresionistari eta paisaia industrialari buruz, «La Obra Invitada» programaren barruan eta Adolfo Guiarden La Ría en Desierto obraren aldi baterako lagapena dela eta.

Bilbao Museoak hainbat jarduera batzen dituen jardunaldi kultural bat eskainiko du maiatzaren 18an. 11:30ean, arteari eta literaturari buruzko bisita gidatua egingo da, Del Greco a Zuloaga erakusketaren inguruan. 12:00etan Max Ernst. Paris, 1922-1928 erakusketa bisitatu ahal izango da. Ondoren, 13:00etan, Josetxu Obregón musikariak biolontxelo bakar bat eskainiko du museoko Icaza hallean. Arratsaldean, 17:30ean, arteari eta literaturari buruzko bisita errepikatuko da, oraingoan Fondo berriak. Gainera, 18:00etan, Del Greco a Zuloaga erakusketa ezagutzeko beste aukera bat egongo da, bisita gidatu baten bidez. Maiatzaren 18an sarrera eta jarduera hauek doakoak izango dira. Hala ere, bisitetarako aldez aurretik izena eman behar da leihatilan, hasi baino 30 minutu lehenago gutxienez.

Guggenheim Bilbao Museoak sarrera doan eskainiko du maiatzaren 18an, baina horiek online bakarrik hartu ahal izango dira maiatzaren 13tik aurrera.

Bilboko Berreginen Museoak sarrera librea izango du maiatzaren 18an eta maiatzaren 14an «¿uwar al-Rum. Islam. Eskultura klasikoa» erakusketa inauguratuko da. Maiatzaren 15ean, Jorge Elices Ocón ikertzaileak hitzaldi bat emango du aldi baterako erakusketa honen inguruan.

Bilboko Eleiz Museoko sarrera doan izango da maiatzaren 17an eta 18an, eta opari bat eskainiko zaio Museora hurbiltzen den publikoari. Bilboko Aste Santuko Pasoen Museoak doako sarrera izango du. Eta Bilboko Zezen Museoak doan irekiko ditu ateak maiatzaren 18an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu zezen-plazako instalazioetara eta aretoko zezenketa erakustaldia Vista Alegre plazan.

Maiatzaren 18an Bilboko Athletic Club Museoa doan bisitatu ahal izango da. Bilboko Euskararen Etxean ere sarrera doakoa izango da.

Bilboko Euskal Abertzaletasunaren Museoak, maiatzaren 19tik 23ra, doako bisitak eskainiko ditu erakusketa iraunkor eta aldi baterakora, audiogidekin. Gainera, museora doazen pertsonei opari txiki bat emango diete.

Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoan Itsu koplak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Josune Aramendi bertsolariak eta Unai Iturriaga bertsolariak Ziortza-Bolibarren argazki sorta batean inspiratutako bat-bateko istorio bati forma emango diote. Proposamenak ikusizko sormena eta ahozkotasun tradizionala uztartuko ditu. Publikoa parte hartzera gonbidatuko da bertso-paperak abestuz — bertso idatziak —, horrela partaidetza kolektiboa sustatuz. «Nola ikasi zenuen euskara?» galdera izango da ardatz nagusia, tradizioa eta gaurkotasuna agertoki berean uztartzen dituen ikuskizunean.

Orozkoko Museoan doako sarrera eta gidatutako bisita izango dira.

Gernikako Bakearen Museoak ate irekien jardunaldia izango du.

Bizkaia Zubitik % 20ko deskontua egingo dute pasabideko sarrera guztietan maiatzaren 18an, eta doan izango da zubiaren historia jasotzen duen audiogida.

Arrantzaleen Museoan, Bermeon, maiatzaren 15ean 18:00etan hasiko da ospakizuna, Juan Antonio Apraizen «Gure arrantzaleen arrantza; ikusi-ikutu-erabili» erakustaldiarekin. Ekimen honen bidez, gure kostaldean erabiltzen diren arrantza-aparailuak ikusi, ukitu eta erabiltzeko aukera izango dute bisitariek. Maiatzaren 16, 17 eta 18an Arrantzaleen Museorako sarrera doakoa izango da, Museoen Nazioarteko Eguna eta Bermeoko Arrain Azoka direla eta.

Txakolin Museoa-Txakolinguneak (Bakio) «Nazioarteko Ardoak» antolatuko du maiatzaren 18an, Bizkaiko txakolinaren eta nazioarteko ardo zurien dastaketa komentatua, herrialde bakoitzeko produktu tipikoekin. Dastatzea 12:00etan hasiko da, prezioa 15 €-koa da eta plazak mugatuak direnez, aldez aurretik erreserba egin behar da.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (Gallarta) sarrera librea izango du eta bisita gidatuak % 50eko deskontuarekin izango dira.

Mañarian Hontza Museoak maiatzaren 18an sarrera doan eskaintzeaz gain, hitzaldi bat antolatuko du maiatzaren 15ean Durangoko Kurutse Santo Museoan 19:00etan. Gai hauek jorratuko dira: «Neandertalak Euskal Herrian» eta «Durangaldea, hartz-lurraldea».

Dolomiten Aintzinako Fabrikaren Museoak (Karrantza) maiatzaren 17an «Dolomitas y su gente, recuerdos de una fábrica en el tiempo» izenburupean Dolomitas eta Ambasaguas auzora bisita antolatuko du.

Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoak (Leioa) doako bisita gidatua eskainiko du maiatzaren 19an, astelehena, 11:00etan, «Medikuntzak aurrera egiten du teknologiaren garapenarekin» izenburupean, eta medikuntzan diagnostikoa eta tratamendua hobetu duten tekniken bilakaera aztertuko da.

Euskal Herria Museoak sarrera librea izango du Gernika-Lumon maiatzaren 18an.

Santimamiñe Kortezubin bisita gidatuak doakoak izango dira egun horretan.

Rialia Industria Museoan (Portugalete) ere sarrera doakoa izango da, eta haurrei «Zatoz, jolastu eta deskubritu» pista-jokoan parte hartzeko gonbitea egingo zaie.

Enkarterrietako Museoak (Sopuerta) «Abellaneda – bezi-Abellaneda» ibilbide zirkularraren 3. edizioa antolatu du maiatzaren 18rako.

Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda) doan bisitatu ahal izango da maiatzaren 18an.

Balmasedako Pasioaren Museoak bisita gidatua egingo du maiatzaren 18an «Ezagutu gure Aste Santua barrutik» izenburupean. Antzinako tradizio honen sekretuak ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Durangoko Arte eta Historia Museoak 3 urte arteko haurrentzako «Zapaburu» proiektu multisentsoriala eskainiko du maiatzaren 16, 17 eta 18an. Instalazio hau artea bizitzeko eta esperimentatzeko, ukitzeko, usaintzeko, bertan murgiltzeko edo ibiltzeko apustu gisa sortu zen. Doako jarduera.

Santurtziko arrantzaleen kofradiaren barruan dagoen Santurtzi Itsasoa Museoak begirada paregabea eskaintzen dio herriak bere historian itsasoarekin izan duen harreman estuari. Maiatzaren 18an, museoak doako ate irekien jardunaldia egingo du 10:00etatik 15:00etara. Gainera, 12:30ean, itsas istorioak biziaraziko dituen bisita antzeztuaz gozatu ahal izango da 2 euroren truke.

Agurtza Itsasontziak esperientzia bat eskainiko du Santurtzin, zurezko benetako arrantza-ontzi baten bizitza nolakoa zen ezagutzeko. Maiatzaren 18an, 11:00etan eta 12:30ean, doako bisita gidatuen bidez, bisitariek Agurtzako espazioak xehetasunez arakatu ahal izango dituzte, hala nola ganbarak, hozkailuak, aginte-zubia edo makina-aretoa, eta itsas zabalean aritzen ziren marinelen historian eta lan gogorrean murgildu ahal izango dira.

Maiatzaren 18an, 11:00etatik 13:30era, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak Kapitainaren mezua antolatu du, familientzako doako ginkana. Pisten eta proben bidez, parte-hartzaileek mezulari misteriotsu bati lagunduko diote Areneburu mendira iritsi arte. Museoa doan ikusteko aukera ere izango da.

Loiuko Andrés de Urdaneta Natura Historiaren Museoak bisita gidatua eskainiko du maiatzaren 17an, 10:00etan. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte. Bertan, ibilbide bat egingo da museoan bertan, piezarik enblematikoenak eta esanguratsuenak ikusiz. Aldi baterako 25. erakusketa bisitatuko da, aurreko aldi baterako erakusketa guztiak bisitatuz. Bertan, dinosauroen atzapar eta azazkalen meteoritoak eta erreplikak ikusi ahal izango dira, baita aizkora solutratarrekin eta neolitikoekin egindako industria litikoa ere.

Muñatones Gazteluak, Muskizen maiatzaren 18an ateak zabalduko ditu, Erdi Aroko defentsa-arkitekturan eta garaiko botere-azpijokoetan barrena, 10:30ean eta 12:30ean, egun horretan doakoak izango diren bi emanaldi gidaturen bidez. Plazak mugatuak dira, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da.

Muskizen ere Pobaleko Burdinolak «El arte del encuentro: madera, hierro y fuego» hitzaldia eta erakusketa eskainiko ditu maiatzaren 17an Jose Pablo Arriagak.   Artistak zuzenean lan egingo du eta bere obraz hitz egingo du «Veletas en Bizkaia» aldi baterako erakusketan. Jarduera hau doakoa izango da, baita maiatzaren 18an, errota-burdinolara egingo diren bisita gidatuak. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea.

Orduña Hiria Museoak ate irekien jardunaldi bat izango du bisita gidatuekin eta Museoaren 6. urteurrena ospatzeko ekitaldiak egingo dira. Maiatzaren 15ean, erakusketa berria inauguratuko da, «Etxekoak», eta, ondoren, Xabier Egiluz Isusi omenduko da. Maiatzaren 18an bertan, bisita gidatuak egingo dituzte 11:30ean eta 12:30ean.

Museoen Nazioarteko Eguna

Museoen Nazioarteko Egunaren urteroko ospakizunaren helburua museoak kultura-trukerako eta kulturak aberasteko bitarteko garrantzitsuak direla kontzientziatzea da; aldi berean, Museoak funtsezko tresna direla herrien artean elkar ulertzeko, lankidetza eta bakea garatzeko. Ospakizuna duela 40 urte baino gehiagotik antolatzen da maiatzaren 18an, eta nazioarteko egun hau ospatzeko prestatu diren ekitaldiek eta jarduerek egun bat, asteburu bat edo aste osoa iraun dezakete.

Local

Bizkaiko 45 museo
Bilbao, Bizkaia 020 España