Musika-Musika 2025 jaialdia martxoaren 7tik 9ra bitartean egingo da, «Musika eta emozioak» izenburupean.
Bilbo MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren 24. ediziorako prestatzen ari da, izan ere, urtero hiriburua musika klasikoaren europar epizentroa bihurtzen da ekimen honekin. Bilboko Udalak antolatuta, eta “Musika eta emozioak” lelopean, 2025eko martxoaren 7tik 9ra egingo den edizio honetan, musikak sentimendu sakonak gogora ekartzeko duen gaitasuna aztertuko du. Guztira, 70 kontzertuko programa bat eskainiko da 1.500 interprete baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta Euskalduna Jauregira askotariko entzuleak erakartzeko diseinatuta.
Martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan, Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua hartuko du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik, Erik Nielsenen zuzendaritzapean. Orkestrak Wagnerren “Holandar alderraia”ren obertura, Txaikovskiren “Zisneen aintzira”ren suitea eta, Koralarekin batera, Borodinen “Dantza polovanoak” intrepretatuko ditu. Gainerako kontzertuak ere ostiralean bertan hasiko dira Euskalduna Jauregian.
Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel konpositoreen obrek, besteak beste, emozioak ekarriko dituzte gogora musikaren bidez. Horrela, hainbat sentimendu eragingo dituzte, hala nola poza, beldurra, nostalgia edo itxaropena.
MUSIKA ZORTZI ESPAZIOTAN, ALDI BEREAN
Arriaga Antzokian egingo den irekiera-kontzertua izan ezik, programazio osoa Euskalduna Jauregian izango da, martxoaren 7an, 8an eta 9an. Emanaldi bakoitzak 45 minutu inguru iraungo du. Gainera, kontzertu bat baino gehiago egongo dira aldi berean hainbat aretotan.
Auditoriumean KONTZERTU SINFONIKOAK ETA KORALAK bilduko dira. Areto honetan, Galiziako Orkestra Sinfonikoak omenaldia egingo dio Maurice Raveleri, bere jaiotzaren 150. urteurrena, martxoaren 7an, ospatzen den egun berean. Gainera, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak -duela 15 urte ez dutela kontzerturik ematen penintsulan-; Euskadiko Orkestrak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Udal Bandak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Kukai Dantza Taldearekin eta Bilboko Koral Elkarteak Auditoriumeko palestrara ere igoko dira.
0B aretoa GANBERA ORKESTREI zuzenduta egongo da. Festival Strings Lucerne orkestraren kontzertuak hartuko ditu, birtuosismoagatik eta aldakortasunagatik ezaguna den Suitzako harizko taldea; Ensemble Nereydas, garaiko instrumentuak erabiliz musika barrokoan espezializatua; Café Zimmermann, Johann Sebastian Bachen interpretazioan erreferentziazko talde bat; Ensemble Diderot, Barroko goiztiarreko errepertorioan aditua, eta Friburgoko Orkestra Barrokoa, antzinako musika arloan miretsienetakoa; eta Esemble OBNI ere egongo dira eszenatokian.
0D aretoan Noskowski, Beethoven, Haydn, Schubert, Barber, Clarke, Wolf, Puccini edo Schumann konpositoreen piezak entzungo dira. Hori guztia Singer Pur, Meccore hari laukotea, Cuarteto di Cremona edo Trio con brio Copenhagen taldeen eskutik.
0A aretoan, Martín García García piano-jotzaileak, Clevelandeko Nazioarteko Piano Lehiaketaren irabazlea; Miguel Ituarte pianista eta Iagoba Fanlo biolontxelo-jotzailearekin batera; Víctor de Valle pianista eta Carole Petitdemange biolin-jotzailearekin batera eta Alfonso Gómezek Chopin, Mozart edo Strauss bezalako egileen notak joko dituzte.
FAMILIA SAIOAK 0E aretoan izango dira. Bertan, Musbika Ensemblek bere «Emozioak eszenan«, zuzeneko musika eta ilustrazio ikuskizun murgiltzailea, aurkeztuko du. Gainera, Cor de Teatreren eskutik «Operetta» lanaz gozatu ahal izango dugu, a capela musika, keinu antzerkia eta umorea uztartzen dituen lan bat.
Espazio horretan bertan, beste urtetan egin den bezala, ZINEAk ere berezko tartea izango du, larunbat eta igande arratsaldean egingo diren bi emanaldirekin, Ander Marzana pianistarekin, César Coca kazetariarekin eta Patricia Sojo musikologoarekin batera.
Bestalde, INTERPRETE GAZTEEK beren lekua izango dute Kioskoan. Bertan, 12 kontzertutan, hainbat kontserbatorio eta autonomia-erkidego ezberdinetako musika-hezkuntzako zentroak arituko dira.
DANTZARAKO ETA LIRIKARAKO ESPAZIOA
MUSIKA-MÚSICA 2025eko programak berrikuntza batzuk dakartza. Lehen aldiz, dantzak leku bat edukiko du jaialdian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta KUKAI dantza taldeak Ludwig van Beethovenen «Prometeoren izakiak» aurkeztuko dute, musika eta mugimendua uztartuko dituen ikuskizun batean.
Halaber, «Degli affetti proibiti» gala lirikoa estreinatuko da -0C aretoan-. Saio hau, jaialdiaren berezko ekoizpena da. Bertan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Ensemble Galdós arituko dira eta Naiara Beisteguiren girotze eszenikoaz arduratuko da.
Gainera, aurten, Monica Rodríguez Curielen eskutik, «Emozioak ehundu» aurkeztuko da. Jarduera parte-hartzaile horrek publikoa gonbidatuko du tapiz kolektibo bat sortzen laguntzera, norbanako bakoitzari bere emozioak ehungintzaren artearen bidez adierazteko aukera emanez.
SARREREN SALMENTA
MUSIKA-MÚSICA Jaialdiaren 24. edizio honetan, sarreren salmenta Euskalduna Jauregiko leihatilan eta webgunean, musika-musica.bilbao.eus webgunean eta Arriaga Antzokiko leihatilan (inaugurazio-kontzerturako soilik) bakarrik egongo da eskuragarri, otsailaren 13ko 12:00etatik aurrera.
Sarreren salneurriak hauek izango dira: