
Bilboko Udalak antolatutako MUSIKA-MfÚSICA Jaialdiaren 25. edizioak martxoaren 6an izango du hasiera Arriaga Antzokian, 19:00etan izango den irekiera-kontzertuarekin. Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eta Bilboko Koral Elkarteak eskainiko dute kontzertua, François López-Ferrer zuzendariaren gidaritzapean.
Irekiera-programan, Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) Juan Crisóstomo de Arriagaren “Sinfonía en re menor” interpretatuko du, haren heriotzaren 200. urteurrena dela eta. Ondoren, Bilboko Koral Elkarteak G. Bizeten “Te Deum” eskainiko du.
BILBO, MUSIKA KLASIKOAREN HIRIBURU
Irekiera-kontzertua Arriaga Antzokian izango da; gainerako 68 kontzertuak Euskalduna Jauregian garatuko dira, ohiko maratoi formatuan eta aldi berean hainbat aretotan egingo diren 45 minutuko saio laburrekin. Formatu horri esker, publikoak proposamen sinfonikoak, ganberakoak eta bestelakoak egun berean uztartu ahal izango ditu.
Euskalduna Jauregiko Auditoriumak KONTZERTU SINFONIKO ETA KORALAK bilduko ditu, obra ezagunenetan eta errepertorio adierazgarrienean oinarritutako programazioarekin. Jaialdian zehar orkestrek Dvoráken obrak interpretatuko dituzte, hala nola “Sinfonía nº 9 Del Nuevo Mundo”. Beethovenen “Concierto para piano y orquesta nº 1” eta “Sinfonía nº 7 en la mayor opus 92”, G. Mahlerren “Sinfonía nº 1 en re mayor, ‘Titán’ ”, J. Brahmsen “Obertura trágica opus 81” eta R. Wagnerren “Meistersinger, obertura en do mayor”, baita S. Prokofiev, E. Elgar, R. Schumann, Txaikovski, Mozart eta R. Strauss bezalako egileen lanak ere. Programazio koralak ere presentzia nabarmena izango du, Carl Orffen “Carmina Burana” eta Brahmsen “Schicksalslied” obrekin.
Auditoriumak amaiera-kontzertua hartuko du Granadako Hiriko Orkestraren eskutik, Manuel de Fallaren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta; “Noches en los jardines de España” eta “El amor brujo” obrak interpretatuko dituzte.
0B Aretoa, ORKESTRA GANBERAKOAK ardatz dituena, jaialdira lehen aldiz datozen Europako formazioak hartuko ditu: Franz Liszt Chamber Orchestra, Solistas de Zagreb, English Chamber Orchestra eta Gli Incogniti, besteak beste. Haien programak errepertorio ganberakoaren obra giltzarriak jorratuko ditu, Vivaldi, Bach, L. Weiner edo G. F. Haendel bezalako egileekin.
0D Aretoa, GANBERA-ERREPERTORIOA hartuko duena, laukote eta hirukoteen kontzertuak eskainiko ditu Beethoven, Schubert edo Haydnen lanekin, jaialdian ohikoak ez diren proposamenekin batera. Nabarmena da piano lau eskutara eta bi pianorako kontzertua, Dúo del Valle-ren eskutik, baita Collegium Musicum Madriden parte-hartzea ere, Martín Llade narratzailearekin eta Manuel Minguillón laute-jotzaile eta zuzendariarekin.
0A Aretoan, Chopin, Mozart, Mendelssohn, J. Brahms edo J. M. Leclair bezalako egileen obrekin, La Spagna taldea arituko da; baita Olatz Saitua sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa eta Itxaso Sáinz pianista ere. Ensemble Galdós taldeak, Iván Martínen zuzendaritzapean, “Café con Proust” izeneko eszenaratzea aurkeztuko du. Trío Camelot eta Luis Fernando Pérez pianista ere arituko dira.
Jaialdiak, halaber, Kioskoan izango ditu GAZTE INTERPRETEAK eta Euskadiko zein Estatuko kontserbatorioak, belaunaldi berrien parte-hartzea sustatuz eta errepertorio klasikoa publiko anitzengana hurbilduz.
Gainera, MUSIKA ETA ZINEMA atalak jarraipena izango du, César Coca kazetariak eta Patricia Sojo musikologoak gidatuko dituzten saioekin.
SARREREN SALMENTA
MUSIKA-MÚSICA Jaialdiaren 25. edizio honetan, otsailaren 12tik eskuragarri dagoen sarreren salmentak harrera bikaina izan du publikoaren aldetik. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatilan, musika-musica.bilbao.eus webgunean eta Arriaga Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira; azken horretan, irekiera-kontzerturako soilik.
Sarreren salneurriak hauek izango dira: