
Igande honetan, apirilaren 12an, ospatuko da VII. Muxiko Eguna. Beste urte batez, goizetik arratsaldera arte, herriko kaleak musikaz, dantzaz eta giro apartaz beteko dira.
Urtez urte sendotuz joan den hitzordua da, eta dagoeneko erreferentziazko ekitaldi bilakatu da Euskal Herriko dantzazaleentzat. Antolatzaileen arabera, aurten ere parte-hartze zabala espero da. “Nafarroatik, Bizkaitik, Arabatik, Iparraldetik… Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko da jendea. Plazan 500 dantzari inguru elkartzea aurreikusten dugu”, adierazi du Lagun Artean elkarteko Izaskun Muñoak.
Muxikoak 11:30ean abiatuko dira Damarri plazatik, eta lau trikitixa talderekin -Maltzeta, Auntzako bi talde eta Erraldoietako trikiak-, Kale Nagusitik Arma Plazaraino egingo dute kalejira. Santa Maria arkua igaro ondoren, erraldoiek bat egingo dute eurekin, eta Udaletxe parean zein Kale Nagusiaren amaieran txalapartaren doinuek hartuko dute lekukoa.
12:00etan, Arma plazan izango da eguneko lehen hitzordu nagusia, OINKADA taldearen emanaldiarekin. 13:00etatik aurrera, kalejira berriz abiatuko da Arma plazatik San Pedro kalerantz, erraldoi eta trikitilarien laguntzarekin. Ondoren, San Pedro kalean poteo-dantza egingo da, eta 14:30ean parte-hartzaileek bazkariaz gozatzeko aukera izango dute Ardoran, Sarayola cateringaren eskutik.
Bazkalostea OINKADA taldeak girotuko du, eta arratsaldean, 17:30etik 19:30era, Patxi Perez Taldearen eskutik dantzarako tartea izango da. 20:00etan emango zaio amaiera VII. Muxiko Egunari, egun osoko jai giroari bukaera borobila emanez.
Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Soroetako frontoian egingo da.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziak azpimarratu du ekimenak “erantzun oso zabala” izaten duela urtero: “Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako jendea elkartzen da, eta Damarri, Arma Plaza eta Portua auzoa lotzen dituen ibilbidean sortzen den giroa benetan aparta da. Hondarribiar guztiak animatu nahi ditut gerturatu eta parte hartu dezaten”.
Halaber, eskerrak eman dizkie egitaraua antolatu duten Lagun Artea eta Klink elkarteei, egiten duten lanagatik. Patxi Lazkano antolatzaileak ere bere esker ona adierazi dio Hondarribiko Udalari, haren babesik gabe Muxiko Eguna antolatzea ezinezkoa izango litzatekeelako.