
Datorren urtarrilaren 14an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, Europaren erdialdeko Billy Wilder zuzendariaren figurari, XX. mendeko munduko zinemagintzaren izen gailenetakoari eskainia, Sunset Boulevard (1950) filmaren proiekzioarekin.
Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2026ko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
Bere film enblematikoenetako batekin hasten da zikloa, eta ondoren, 30eko hamarkadan Alemanian gidoilari gisa egin zuen lanean barneratzen da, Frantzian zuzendari gisa egin zuen opera priman (Mauvaise graine, 1933) eta Ernst Lubitsch, Mitchell Leisen edo Howard Hawks bezalako zinemagileentzat AEBn egin zuen gidoilari lanean. 1942an zuzendu zuen aurreneko filma Hollywooden, The Major and the Minor (1942), eta bere aparteko filmografiaren hasiera markatu zuen.
Urtarrilean, zikloa hastearekin batera, Billy Wilder. Anatomía de un genio, Colección Nosferatuko 22. zenbakia argitaratuko da, eta liburuaren koordinatzaile Luis Alegreren hitzetan: Billy Wilderrek ohorezko lekua du mundu osoko zinemazaleen iruditerian eta heziketa sentimentalean. Bere talentu eta moldaerraztasun zoragarriarekin, etiketa oro uxatu eta lan giltzarriak sortu zituen oso bestelako generoetan: zinema beltza (Double Indemnity, 1944), komedia (Some Like It Hot, 1959), drama (Sunset Boulevard), zinema belikoa (A Foreign Affair, 1948), erromantikoa (Love in the Afternoon, 1957), intrigakoa (The Private Life of Sherlock Holmes, 1970), epaiketetakoa (Witness for the Prosecution, 1957), kazetariena (The Front Page, 1974) edo bizitza bera bezalakoak direlako generorik ez duten bestelako filmak (The Apartment, 1960).
Italo Calvinok zioen klasiko bat hauxe dela, esan behar duena inoiz erabat esaten ez duena. Billy Wilder oso ondo egokitzen da definizio horretara: bikaina, beti gordetzen diguna gure buruari buruzko sorpresaren bat.
Billy Wilder. Anatomía de un genio aipatutako liburua ez ezik, Fernando Truebarekin eta Joseph McBriderekin elkarrizketak biltzen dituena, 2026ko udazkenean Nosferatu Bildumaren 14. zenbakia editatuko da euskaraz, Wilderren figurari buruz Zigor Etxebestek idatzia.