Cargando Eventos

« Todos los Eventos

NOUVELLES VAGUES 2026 – BIARRIZKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA

junio 23 - junio 28

Sei egunez, ekainaren 23tik 28ra, Nouvelles Vagues Biarrizko Udalak eta Chanel moda etxeak Lapurdiko udalerrian antolatzen duten zinema jaialdiak 30 zinema emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, Gare du Midi aretoan, Royal Cineman, Kasinoan eta pantaila berezietan, hala kalean nola itsas hegian.

Gazteei bereziki begiratzen dion programazioan, aurretik Frantziako Estatuan estreinatu gabeko zortzi film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean, tartean Les fraises Laïla Marrakchi marokoar zinemagilearen pelikula, Itsaso Arana nafar aktorearen parte-hartzea duena.

Kristen Stewart estatubatuar aktore eta zuzendaria buru duen epaimahai batek ebatziko du zortzi film horietako zeinek merezi dituzten jaialdiko sari nagusia, epaimahairen saria eta interpretazio onenarena. Stewartek, gainera, The chronology of water,zuzendu zuen lehen film luzea, aurkeztuko du Biarrizko jaialdian, lehiaz kanpo, jakina.

Lehiaz kanpo ikusiko dira, halaber, La bola negra Los Javisi Canneseko jaialdiaren zuzendari onenaren saria ekarri zion filma, Coward Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreei Cannesko interpretazio saria eman zien filma (bi aktoreok Biarritzen izango dira), Matthias et Maxim (Xavier Dolan zuzendariak berak aurkeztuko du), Maria Callas: lettres et mémories (Monica Bellucci aktoreak aurkeztuko du), Rize (Marion Cotillard aktoreak aukeratua eta aurkeztua) eta La dernière séance (Isabelle Huppertek aukeratu eta aurkeztua).

Halaber, saio berezietan, Aro berria Irati Gorostidiren lehen film luzea ikusi ahalko da, baita Femmes dans l’action en Euskadi Daniel Wronecki frantsesak zuzendu zuen 1983ko dokumentala, gatazkari eta indarkeriari emakumeen ikuspegitik begiratzen dien filma.

Egitaraua

Local

Le Royal eta Gare du Midi
Biarritz, 579 Francia