(Bilbon, 2025eko irailaren 4an). Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan ODISEA 1937 erakusketea egongo da ikusgai irailaren 29ra arte, Euskadiko Gerra Zibilean hain ezaguna ez dan orri batetik egindako ibilbide bisual hunkigarria. Orain arte argitaratu ez dan material grafikoaren bidez erakusten dan gerra-gatazkearen pasarteak, Eusko Jaurlaritzak erbestean hartu eta lagundu ebazan ehundaka euskal gudari eta zibil zauritu eta erbesteraturen odisea jasoten dau. Gudari eta zibil horreek Iparraldeko La Roseraie ospitalean eta Bordeletik gertu porturatutako Habana ospitale-ontzian, aurrez ehundaka errefujiau eroateko balio izan eban itsasontzian, hartu eta artatu ebezan.
Aitor Miñambres Amezaga Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak, eta Memoria Historikoan eta Giza Eskubideetan aditua dan Mauro Saravia kazetari eta argazkilariak komisariautako erakusketan, lehen aldiz Federico González Santiagok eta Manuel Arumbarrenak 1937an Bilboren defentsan zauritutako euskal burrukalariek, eta Gotzone Arancibiak, bien erizainak hamarkada askotan gordetako argazki eta dokumentu argitaratu bakoen bilduma baliotsua aurkezten da. Hiru protagonisten senideak Bilboko erakusketearen edegiera-ekitaldi ofizialera joan dira gaur.
Erakusketearen ardatz nagusia, 1937tik 1940ra 1.600 euskal burrukalari eta zibil baino gehiago hartu ebazan Bidarteko (Lapurdi) La Roseraie ospitalearen historia da. Bilbo jausi eta gero Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ospitale hori errekuperazio fisiko eta emozionalerako gune bihurtu zan, baina baita lanbide heziketarako eta tailerrak, jarduera akademikoak eta kirolekoak egiten ziran eta gerrako zaurituek osotutako abesbatza bat be baegoan bizitza komunitariorako leku be. Zauritutako burrukalari batzuk, gerra garaian Bordeletik gertu atrakauta ospitale-ontzi lez prestauta egoan Habana baporetik be igaro ziran. Errepublikaren aldeko burrukalarientzako beste suspertze-gune garrantzitsu bat izan zan.
ODISEA 1937 erakusketeak 40 argazki historiko baino gehiago, informazino-panelak, mapak eta Gerra Zibilaren hasieratik Bigarren Mundu Gerraren eta gerraoste luzearen amaierarainoko gertaerak testuinguruan jarten dituan denpora-lerroa uztartzen dituan ikusizko muntaia eskaintzen dau. Erakusketeak istorio pertsonalak ikusarazoten ditu, adibidez, ospitaleratze asko eta itsasoz egindako erbesteratze arriskutsua eta gero, Frantziako gerra-frontean beharrean amaitu eban Gonzalezena berarena. Ondoren, Espainiara itzuli zanean kontzentrazino-esparru batean sartu eben, eta 1979ra arte ez eutsiezan gerrako mutilau lez ebazan eskubideak onartu.
“Erakusketa hau justizia historikoko ekintza bat da. Askatasunaren eta demokraziaren alde dana emon ebenak eta euren izenak luzaroan isilduak euki ebezanak, ahanzturatik erreskatetan ditu”, adierazo dau Mauro Saraviak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Parlamentuko lehendakaria eta Mahaiko kideak be parte hartu daben eta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dan aurkezpenean.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak azpimarratu dauenez, erakusketea “aintzatespen eta gizatasun ekintza bat da”, izan be, Manuel Arumbarrena burrukalariaren edo Federico González beraren eta Gotzone Arancibia bien erizainaren istorioen bitartez, “erbestearen, minaren eta duintasunaren giza arpegia erakusten jaku. “Galereak, erresistentziak eta alkartasunak markautako esperientzia bizi izan eben milaka persona” irudikatzen dituen hiru izen; “egungo belaunaldiei deia egiten deutsen” memoria bizia, esan dau.
Erakusketea, irailaren 17an, eguaztenean, 18:00etatik aurrera, Aitor Miñambres eta Mauro Saravia komisarioek emongo daben berbaldiagaz osotuko da. Bilboko egoitza parlamentarioko berbaldi aretoan artxiboaren ikerketa eta berreskuratze prozesua, Memoria Demokratikoa bizirik eukitearen garrantzia eta hiru protagonistek bizitakoari buruzko zehetasunak azalduko ditue.
ODISEA 1937 argazki erakusketa bat baino gehiago da. Iraganari begirunez begiratzeko gonbidapena da, oraina ulertzeko eta oroimena bakerako eta adiskidetzerako tresna izango dan etorkizuna eregiteko.