Cargando Eventos

« Todos los Eventos

  • Este evento ha pasado.

Ondarea orain 2026: «Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan»

junio 3

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondarea Orain programaren aurtengo edizioa aurkeztu du. Programa horrek kultura-ondareari orainalditik begiratzera eta lurralde-ondareari lotutako aurrerapen, ikerketa eta eztabaida nagusietako batzuk herritarrekin partekatzera gonbidatzen du.

Aurtengo edizioak, gainera, une berezia izango du, Rosa Aierbe Iribar historialari, ikertzaile eta irakasleari omenaldia egingo baitzaio. Hernanin jaioa, Aierbek ibilbide luzea egin du Gipuzkoako historiaren, erakundeen historiaren eta dokumentu-ondarearen arloan. Erdi Aroko dokumentu-iturriak aztertzen eta zabaltzen egindako lana, artxiboekin izandako lotura estua eta Gipuzkoako historia hobeto ezagutzeko egindako ekarpena aitortu nahi dira. Bere lana oso lotuta dago programa honen espirituarekin: ondarea ikertzea, dokumentuak herritarren eskura jartzea eta gure iragana ezagutza bizi bihurtzea.

2026ko edizioa maiatzaren 20tik ekainaren 10era bitartean egingo da Donostian, Errenterian eta Zarautzen, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte. Programak ondarea ikuspegi oso desberdinetatik jorratzen duten lau proposamen bilduko ditu: adimen artifiziala artxibo historikoetan aplikatzea, Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko arkitekturaren azterketa, Aizpitarteko labar-arte paleolitikoa eta Zarauzko Santa Klara komentuaren birgaitzea.

Programa maiatzaren 20an abiatuko da, Donostiako Santa Teresa eraikinean, Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa?» hitzaldiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxiboetako eta Agiri Ondareko Zerbitzuko buru Ramón Martínen eskutik. Saioan, adimen artifizialeko tresnek eskuz idatzitako testuak automatikoki irakurtzeko, laburpenak sortzeko edo artxibo historikoak modu masiboan itzultzeko eskaintzen dituzten aukerak jorratuko dira.

Maiatzaren 27an, berriz ere Santa Teresan, “100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila” hitzaldiaren txanda izango da, Josué Susperregi Lasalde Arkeolan Fundazioko dendrokronologoarekin eta Ibon Telleria Julian EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko arkitektoarekin. Saioaren ardatza izango da lurraldeko Erdi Aroko zurezko ondarea. Dagoeneko 100 adibide identifikatu dira, baserrien, etxe zibilen, baselizen eta beste eraikin batzuen artean.

Programak ekainaren 3an jarraituko du Errenterian, Reina Aretoan, Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko irakasleak eta Ainara Rodríguez Aizpitarte taldeko kideak aurkeztutako “Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan” liburuaren aurkezpenarekin. Aurkezpen horri esker, Landarbasoko Aizpitarte haitzuloei buruzko azken azterlanak ezagutu ahal izango dira. Multzo horrek garrantzi berezia hartu du Gipuzkoako labar-arte paleolitikoaren mapan.

Aurtengo edizioa ekainaren 10ean amaituko da, Zarautzen, Santa Klara komentua bisitatuz eta “Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua” hitzaldiarekin. UR arkitektura estudioko Xabier Urangak eta Zarauzko Udaleko bulego teknikoaren arduradun Iratxe García de Vicuñak hartuko dute parte. Jarduerak aukera emango du komentuaren beheko solairuaren birgaitzean aplikatzen diren esku hartzeko irizpideak zuzenean ezagutzeko. Birgaitzearen helburua da ondare-balioak kontserbatzea eta ekipamendu publiko sozial eta kultural gisa egokitzea bateragarri egitea.

Edizio berri honekin, Ondarea Orain programak berresten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ondare irekiarekin, irisgarriarekin, biziarekin eta orainarekin elkarrizketan dagoenarekin duen konpromisoa, pertsonak erdigunean jarriz eta ondare-kultura nortasuna, memoria partekatua eta lurraldearen kohesioa indartzeko tresnatzat hartuz.

Programa

Maiatzaren 20an | Donostia-San Sebastián – Santa Teresa eraikina – Ekitaldi aretoa

19:00-20:30

Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa?

Ramon Martin

Hizkuntza: Euskara

Maiatzaren 27an | Donostia-San Sebastián – Santa Teresa eraikina – Ekitaldi aretoa

19:00-20:30

100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila

Josue Susperregi Lasalde eta Ibon Telleria Julian

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

Ekainak 3 | Errenteria – Reina Aretoa

19:00-20:30

Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan

Diego Garate eta Ainara Rodríguez

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

Ekainak 10 | Zarautz – Santa Klara komentua

19:00-20:30

Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua

Xabier Uranga eta Iratxe García de Vicuña

Hizkuntza: Euskara-gaztelania

Local

Reina Aretoa
Xenpelar, 3
Errenteria, Gipuzkoa 067 España