2025ean, Euskadi Ondarearen Europako Jardunaldien edizio berri bat bizitzeko prestatzen ari da, “Ondarea eraikitzen · Construyendo cultura” lelopean, arkitektura-ondareari historiaren, sormen teknikoaren eta komunitatearen lekuko gisa balioa ematea ardatz hartuta. Edizio honek, monumentu enblematikoenak erakusteaz gain, eguneroko arkitekturari buruzko hausnarketa ere egin nahi du: baserriak, eraikin industrialak, elkarrekin eraiki ditugun eta nor garen aipatzen duten auzo eta espazio publikoak.
EAEko hiru lurralde historikoetan doako kultura-jardueren eskaintza zabala eta askotarikoa antolatu dute: ondare-balioa duten eraikinetara bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak, hiri-ibilbideak, esku-hartze artistikoak, proiektu parte-hartzaileak eta bereziki haurrei zuzendutako proposamenak.
Bizkaian, doako 250 jarduera baino gehiago programatzen dira urrian zehar, eta 160 erakundek parte hartzen dute 76 udalerritan.
Gipuzkoan, 123 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte 37 herritan. Edizio honetako 80 jarduerek ondare arkitektonikoari balioa ematen diote, gure kultura-ondarearen adierazpen ikusgarri, eguneroko eta sinbolikoenetako bat den aldetik.
Araban, 30 jarduera baino gehiago programatu dira lurraldeko 15 udalerri eta kontzejutan, Arabako ia kuadrilla guztiak barnean hartuta.
Halaber, irailaren 26tik urriaren 5era bitartean, Nafarroak bat egiten du Ondarearen Europako Jardunaldiekin. Aurreko urteetan bezala, helburua publiko zabal eta askotarikoarengana iristea da, adin, interes eta gaitasun desberdinei zuzendutako jardueren bidez: espezialistak eta zaleak, egoiliarrak eta bisitariak, familiak, ikasleak, haurrak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak, besteak beste.