Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Ordiziako Artzain Eguna 2026: egitaraua

abril 8

Apirilaren 8an, asteazkena, ospatuko da Ordizian 2026ko Artzain Eguna. Egutegian berezitako eguna da Artzain Eguna, egun handia, zalantzarik gabe. Urteroko legez, asteazkeneroko azokaren altzoan ospatuko dugun urteko lehen azoka berezia eta Artzain Eguna. Transhumantzia irudikatu eta artzainen lana balioan jartzeko asmoz, artaldeek herrigunea igaroko dute eta Idiazabal Gazta Berriaren aurkezpena ere egingo dugu Udaletxeko Batzar Aretoan. Aurten, Hondarribiako Alameda Jatetxeko Gorka Txapartegik moztuko du gazta, eta Jose Ramon Agiriano ostalari eta gastronomoa izango da Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzailearen omenaldia jasoko duena.

Artzainak eta gazta izango dira protagonista Ordiziako Udalak, ELE Gipuzkoa ardi-latxa elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen duen egun handi honetan.  

Ardi eta aharien erakusketa-lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egingo da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru  izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsua, bai kalitatez eta baita kopuruz ere.

Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.  

Garagartza Plazan mamia egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki.  Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, ardi-jeztea eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.

Haurrentzako jolasak

Aurtengoan ere ‘Artzainen Herri Kirolak’ jolasak eskainiko dira Nikolas Lekuona Plazan, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Transhumantzia birgogoratuz

Goizeko 11.00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, Ordiziako Herri Zaharretik barrena ibiliko dira 1.500 ardi inguru, 5 artaldetan banatuta. Modu honetan antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratuz, askok oinez eta errepidetatik egin behar izaten dutena.  Maiatzaren lehenengotik aurrera egin ahal izango dute mendiko larreetara buelta.

Gorka Txapartegi eta Jose Ramon Agiriano

11:15etan, Ordiziako Udaletxeko Batzar aretoan,  Hondarribiako Alameda Jatetxeko Gorka Txapartegi sukaldariak gazta berria ebakiko du.  Baina, aldez aurretik, Jose Ramon Agiriano ostalari ohi eta gastronomoak jasoko du aurtengo omenaldia, Idiazabal Gazta jende andanari gerturatu eta bere sustapenean egiten duten lanagatik.

Ekitaldi honetan  Idiazabal gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatuko zaizkie Segurako Eneko Goiburu Artzainari, artzain gaztaren kategorian eta gaztandegien kategorian Olaztiko Quesos La Vasco Navarrak jasoko du saria.

Ohitura den moduan, goiz guztian zehar  Garagartza Plazan 40 Euskolabel arkume burruntzian prestatuko ditu Karlos Ibarrondok. 11.30etatik aurrera arkume pintxoak salgai jarriko dira eta bildutako dirua ASPANOGIrentzat, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat, izango da.

Ekoizpen datuak

Bestalde, Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerente Miriam Molinak emandako datuen arabera, gaur egun 108 gaztandegi daude Idiazabal Jatorri Izendapenean atxikita. Banaketa geografikoari dagokionez, 18 Araban daude, 11 Bizkaian, 49 Gipuzkoan eta 30 Nafarroan. Ekoizpen datuei dagokienez, 2025ean ekoitzitako Idiazabal gazta kopurua %9,4 handiagoa izan da 2024koarekin alderatuta, sektorearen indarra eta gaztaren kalitatearen inguruko interesa mantentzen direla erakutsiz.

EGITARAUA

Azoka berezia goizean zehar

9:00- Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.

Eusko Labela duten esne bildotsak burruntzi eran erreketa Garagartza Plazan.

10:00-14:00 Nikolas Lekuona Plazan: haurrentzat “Artzainen herri kirolak” jolasak. Ingurune horretan Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dira.

11:00- Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.

11:15- Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan.

11:30- Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.

11:30- Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.

12:15- Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.

***Goizean asteroko ohiko feria egingo da, gazta-salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dira. Trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.

Local

Alfaroenia – Aldude
Saint-Etienne-de-Baïgorry, 567 Francia