Pedro G. Romero diziplina anitzeko artistak (2024ko Arte Plastikoen Sari Nazionala) Flamenkoak bideo-instalazio berria aurkeztuko du museoan, bideoartea sortzeko Multiverso beken esparruan.
Inaugurazioan, artistak berak hitzaldi bat emango du bere obra berriari buruzko irakurketa-gako batzuetan sakontzeko: egin zuen prozesu artistikoa, sekuentzia bakoitzaren pertsonaiak, haren ikusizko eta entzunezko konposizioa, folkloreak Sevilla hiriaren testuinguruan duen protagonismoa eta, batez ere, ikusleekin alderatzeko orduan dituen asmoak.
Obrari buruz
Bederatzi pasealdik osatzen dute Sevillako hiria agertoki duen obra hau, eta horien protagonista beste horrenbeste pertsonaia ditugu, flamenkoaren munduari, haren ertzei, haren mugei lotuak. Hiri horretako zenbait gune eta paisaiatan barrena dabiltza bederatziok, noragabean, flamenkoaren bizimodu partikularraz mintzo den arakatze psikogeografiko, ikusizko eta entzunezkoan. Bideo-saiakera moduko honetan, erretratu horiek aldi berean zabaltzen dira ikuslearen aurrean. Eta ikuslea, berriz, haien artean dabil hara-hona, soinu eta irudietatik hurbil, edozein kaletan galduta balego bezala ia.