Bilboko Udalak sustatutako FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era ospatuko da. Programazioaren aurrerapen gisa, PreFANT zikloa antolatu du Zinemaldiak. Ziklo horretan, Pablo Hernandok zuzendutako eta iaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen «Una ballena» filma aurrestreinatuko da aurten.
Filma martxoaren 26an, asteazkenean, proiektatuko da, 19:30etik aurrera, Golem – Alhóndiga zinemetako 1. aretoan. Sarrera doan izango da lekua bete arte. Gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan 16:30etatik aurrera.
Aurretik, goizean bertan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Pablo Hernando filmaren zuzendariak eta Ramón Barea protagonistetako batek aurkeztuko dute filma komunikabideen aurrean.
«Una ballena» Ingriden istorioa kontatzen duen thriller fantastiko bat da. Ingrid García Jonssonek antzeztua, portuaren kontrola lortzeko lehian dauden bi kontrabandisten artean harrapatuta dagoen hiltzaile profesional bat da. Protagonistak berezko trebetasuna du arrastorik utzi gabe infiltratzeko eta desagertzeko. Bere gaitasuna, berez, beste mundu batekiko lotura arraro batetik dator, pixkanaka errealitatearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean murgilduz doana.
Pablo Hernando gasteiztarra espainiar zinema berriaren ahots berezienetakotzat jotzen da. «Una ballena» bakarkako bere hirugarren film luzea da eta harentzat ere idatzi du jatorrizko gidoia.
“UNA BALLENA”
Aktoreak: Ingrid García Jonsson, Ramón Barea, Asier Tartás, Kepa Errasti.
Gidoia eta zuzendaritza: Pablo Hernando
Generoa: Thriller fantastikoa.
Hizkuntza: gaztelania
Urtea: 2024
Iraupena: 108 minutu
Filma martxoaren 28an estreinatuko da komertzialki.
Edizio honetako PreFANT zikloaren bigarren hitzordua da hau, otsailaren 12an «Daniela Forever» filma aurrestreinatu baitzen, Nacho Vigalondo zuzendaria bertan zela. Era berean, apirilaren 10ean «La matanza de Texas» proiektatuko da, FANT Bilbao jaialdiaren 31. edizioko kartela inspiratzen duen filma. Hitzordua 19:30etan izango da Golem-Alhondiga Zinemetan. Sarrera librea izango da lekua bete arte, baina 16:30etik aurrera gonbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan.
EUSKARAZKO FILM LABURRAK EKOIZTEKO LAGUNTZA
Fantasiazko filmak erakusteaz gain, FANT jaialdiak ikus-entzunezko sorkuntzari laguntzea du helburu, Bilboko 2023 – 2033 Kultura Plan Estrategikoaren barruan Hiribilduaren kultur sorkuntza bultzatzeko dagoen ildo estrategikoari jarraituz. Ildo horretan, FANT jaialdiak euskarazko fantasiazko film labur bat ekoizteko proiektuak aurkezteko deialdia ireki zuen urtarrilean. Deialdiaren epea martxoaren 28an amaituko da.
Sari hau 5.000 eurokoa da eta irabazleei film labur bat egiteko aukera ematen die. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, gehienez 20 minutukoak.
Lanak www.fantbilbao.eus webgunearen bidez bidali behar dira.