
Ruper Ordorikak «Lurra ikutu barik» (Elkar) disko berria aurkeztuko du abenduaren 27an, 19:00etan. Bere lehenengo diskoa, «Hautsi da anphora», 1980an kaleratu zuen Bernardo Atxagaren testuekin, eta ordutik gaurdaino ibilbide emankorra izan du, hogei disko baino gehiago atera baititu.
Musikari oñatiarrak Azkoitian bere «Mugalariak» taldearekin joko du azken albumeko abestiak aurkezteko. Taldeko kide dira Arkaitz Miner (gitarra, biolina eta mandolina), Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Eduardo Lazaga (perkusioa) eta Nando de La Casa (perkusioa eta teklatuak).