Uztailaren 6tik 14ra bitartean, ohiko entzierroak, kontzertuak, kaleko musika, su artifizialak, jotak, bertsolariak, familiendako, gazteendako eta nagusiendako guneak biltzen ditu.
Sanferminetan musikak hartuko ditu kaleak berriro. Gazteluko plazako eta Compañía plazako agertokiak tradizio bilakatu dira jada, eta edozein adinetako ikusleendako askotariko ikuskizunak eskaintzen dituzte bi plazetan, bai iruindarrendako eta bai bisitariendako. Pop-rocka taularatuko dute Gazteluko plazan Rozalének, OBK taldeak eta Leire Martínezek, besteak beste, baina beste musika-estilo batzuek ere izanen dute tartea, hala nola indie-popak, elektro-popak, punkak eta hip-hopak, Ladilla Rusa, Kaotiko eta Villano Antillano ere arituko baitira. Egitaraua biribiltzeko, hor izanen dira Bulego, Tatxers, Zea Mays, Dupla, Cali y El Dandee, Sara Socas eta Lia Kali ere.
Orotara hamahiru artistak erakutsiko dute beren lana zortzi gautan, uztailaren 6tik 13ra bitarte. Gaur egungo musika, askotarikoa, emakumeek osatutako taldeak eta euskarazko musika. Gazteluko plazako kontzertuak emanen dituzten artisten artean, zazpi emakumeak dira (% 54), eta lauk euskaraz abesten dute (% 31). 23:45ean hasiko dira kontzertuak, su artifizialen ondoren. Bost egunetan bi kontzertu izanen dira, eta bigarrena goizaldeko ordu batean izanen da. Uztailaren 12an, ordea, larunbatarekin, lehen kontzertua 22:00etan hasiko da, eta bigarrena, 23:45ean. Hala azaldu dute prentsaurrekoan Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gómez Eguíluz alorreko zuzendariak.
Bulegok emanen die hasiera kontzertuei, uztailaren 6an, igandearekin. Pop estiloko euskal talderik ezagunenetariko bat da, Azkoitian sortua, 2019an. Tomas Lizarazu da ahotsa, Itziar Beitia aritzen da teklatuan, Jon Larrañaga baxuan, Rubén Lizarralde gitarran eta Xabier Arrieta baterian. Hainbat areto eta jaialdi bete dituzte, eta euskal eszenako pop-talderik arrakastatsuenetako bat dira.
Hilaren 7an, astelehenarekin, Tatxers eta Kaotiko igoko dira oholtzara hurrenez hurren. Tatxers Iruñeko talde bat da, eta beren euskarazko kantek eta pop zertzeladek haize freskoa ekarri diote hiriko punkari. Jon Salinasek (ahotsa eta baxua), Martin Cirizak (ahotsa eta gitarra) eta Sergio Devesak (bateria) osatzen dute taldea gaur egun. Kaotikoren txanda izanen da gero: sanferminetan aurkeztuko dute 25. urteurreneko bira. Ibilbide oparoa izan du taldeak, eta Espainiako Estatuko erreferente izan dira punk estiloan. 2000. urtean sortu zen Kaotiko, Kaos Etiliko taldearen segida gisa. Kaos Etilikoko hiru taldekide daude gaur egun Kaotikon: Fonta (baxua), Aguayo eta Aguayiko (gitarrak), eta Jony (ahotsa) eta Xabirekin (bateria) batera aritzen dira gaur egun.
Uztailaren 8an, asteartearekin, Rozalénendako izanen da Gazteluko plaza: egile-kantugintza gehien entzuten diren generoen artean sartu zuten artistetako bat da. Gaztelaniazko abestigintzan ahotsik ezagunenetako bat da gaur egun. 2013an atera zuen lehen diska, eta ordutik beste lau lan argitaratu ditu. Hainbat sari eskuratu ditu: Urrezko lau Disko, Platinozko bi, Goya bat, Gaur Egungo Musiken Nazioko Saria 2021ean, hiru izendapen Latin Grammy sariketetan, eta Merezimendu Profesionalen Gaztela-Mantxako Plaka.
Asteazkenean, berriz, hilaren 9an, Leire Martínezek hartuko dio lekukoa Rozaléni. Gaur egun aparretan da Leire ere: ibilbide luzea egin du musikan, La Oreja de Van Gogh taldean aritu da duela gutxi arte, eta orain bakarkako lehen lana aurkeztera dator, Mi nombre (Nire izena).
OBK eta Ladilla Rusa gau bakar batean
Sanferminen erdia igarota, hilaren 10ean, ostegunarekin, sona handiko bi kontzertu izanen dira Gazteluko plazan. OBK izanen da lehena: gaztelaniazko synth-poparen erreferente da, eta 1990eko hamarkadan hasi zuen musika-ibilbidea. Espainiako Estatuan arrakasta handia izan dute OBKren abestiek, Historias de amor eta El cielo no entiende kantuek kasurako. Hasieran Jordi Sánchezek eta Miguel Ángel Arjonak osatzen zuten taldea, baina 2012tik Jordi Sánchez bakarrik aritzen da. 2025era bitarte 12 disko eta 4 bilduma argitaratu dituzte, eta hainbat eta hainbat single. OBKk Ladilla Rusari emanen dio bidea, elektro-popari eta hitz sarkastiko eta ganberroei alegia. Kataluniako bikote batek osatzen du taldea, eta jende asko erakartzea lortu dute musika elektronikoa, popa eta runba uztartuta. Hala sortu dituzte Macaulay Culkin, KITT y los coches del pasado eta A un metro y medio de ti abestiak.
Ostiralean ere, hilak 11, bi kontzertu izanen dira. Aurrena Duplaz gozatzen ahalko da, Beñat Oribek eta Gari Uriartek osatutako Aguraingo taldeaz. Duela lau urte sortu zuten taldea, eta kontzertu ugari eman dituzte popa, musika elektronikoa, rapa eta euskal folklorea nahasiz. Bikote horren ondoren Zea Maysen txanda izanen da: euskal panoramako rock talderik ezagunenetako bat dira. 27 urte dira lehen diska atera zutela, eta gaur egun belaunaldi askoren erreferente dira. Elektrizitatea LParen 25. urteurreneko berrargitalpena aurkeztera datoz: Euskal Herriko hiriburu gehienetan, kontzertuetarako sarrerak guztiak saldu dituzte.
Larunbatean, uztailak 12, ordutegia aldatu eginen da, eta 22:00etan Sara Socas entzuten ahalko dugu: 2017an hasi zen MCen batailetan parte hartzen, eta erakutsitako ausardiari, talentuari eta zorroztasunari esker, sona eta errespetua lortu ditu mundu horretan. Bere lehen diska aurkeztuko du Gazteluko plazan. Su artifizialen ondoren, 23:45ean, Cali y El Dandeek girotuko dute plaza: pop latinoan arrakastarik handiena lortu duten bikoteetako bat. Kolonbiako bi anaiek popa eta reggaetoiaren arteko nahasketa paregabea erakutsiko dute. Jende askok entzun ditu haien kantuak, askotan izan dira gehien entzundako taldea, eta Urrezko eta Platinozko hainbat disko dituzte. Gainera, beste hainbat artistarekin aritu izan dira: hala nola Luis Fonsi, Aitana, Sebastián Yatra, Rauw Alejandro eta Jhay Cortez.
Igandean izanen dira azken kontzertuak, uztailaren 13an, eta musika urbanoan esanguratsuenak diren bi artista elkartuko dira. Villano Antillano izanen da lehena: gaur egungo herri-musikan artistarik indartsuenetako bat da. Bizarrapekin batera lan bat argitaratu ondoren aitortza handia lortu zuen, eta ordutik hazi eta hazi ari da. Artista puertorricarrak musika urbanoa freskatzea lortu du, eta erreferente bilakatu da deep-trapean. Hain zuzen, lehen artista transa izan da munduan Spotify Global zerrendako lehen 50en artean sartzen.
Lila Kali Bartzelonako abeslari eta konposatzaileak emanen die amaiera Gazteluko plazako kontzertuei: bi urte daramatza biran, eta arrakastak pilatu eta pilatu aritu da orain arte. Hala, hainbat jaialditako izen nagusi bilakatu da, hala nola Bombastic eta Cruïlla jaialdietakoa. Maiatzean argitaratu zuen azken diska, Kaelis: ahotsa ardatz duten 17 abesti biltzen ditu, musika urbanoak lagunduta.
Iruñeko Udalak 246.000 euroko aurrekontua du Gaztelu Plazako artisten katxeetarako (BEZik gabe), gehi beste 60.600 euro (BEZik gabe) Konpainia plazara joango diren artistentzat.
Compañía plaza: bertako eta nazioarteko musikaren oasi
Compañía plazako kontzertuak tradizio bilakatu dira munduko hainbat musikaz eta bertako artistez giro goxoagoan gozatu nahi dutenendako. Askotariko musika entzuten ahalko da beraz Compañíako oholtzan: arratsaldez bertako taldeak arituko dira, eta gauez, berriz, nazioartekoak.
Musika elektronikoa, country psikodelikoa, Saharako rocka, musika urbanoa, nu jazza, reggaea… hamaika estiloz gozatzen ahalko da. Hilaren 6an musika elektronikoak beteko du plaza. Dantzarako elektronika egiten duten bikoterik emankorrenetako bat izanen da artista nagusia, Zombies in Miami taldea, eta Adrien Body eta Rapha Mundi ere arituko dira.
Halaber, munduan erreferente diren artistak ere igoko dira oholtzara, hala nola Omar Souleyman: Arabiako musika elektronikoaren adierazgarri dugu, eta hainbat jaialditan izan da, besteak beste Sònar-en, Primavera Sound-en, Roskilde-n eta Pitchfork-en. Seun Kuti & Egypt 80 ere hor izanen da: Fela Kutiren semerik ezagunena da, eta aitari afrobeat estiloa ontzen lagundu zioten musikariekin emanen du kontzertua.
Chocolate Rmx taldeak ere izanen du plaza girotzeko parada: aldarri transfeministak reggaetoiaren bidez zabaltzen dituzten artistarik ospetsuenetako bat. Ni una menos argitaratu ondotik, BBC kateak eraginik handiena duten 100 emakumeen zerrendan sartu zuen. Bombinoren txanda izanen da gero: Saharako rockaren artistarik adierazgarrienetariko bat da. Tuareg familia batean jaio zen, eta Grammyetarako izendatua izateaz gain, Noisey aldizkariak munduko gitarra-jotzailerik onena izendatu zuen.
Halaber, Mystery Lights Kaliforniako taldeak garage musikaren, psikodeliaren, rockaren eta countryaren nahasketa paregabea eskainiko du; Bcuc-ek, berriz, jazz perkusioa ekarriko du Compañíara, eta Eri Yamamoto jazzeko piano-jotzaile eta abeslaria izanen da jazz klasikoaren erreferentzia nagusia.
Esan bezala, arratsaldez bertako artistak igoko dira oholtzara, eta Nafarroako talderik adierazgarrienak arituko dira. Esaterako, Janus Lester, Kiliki, Kokoshca eta Bourbon Kings. Musika-ibilbideari 2025ean ekin diotenek ere aukera izanen dute beren lana erakusteko, hala nola Mirarik, Naxker-ek eta Rapha Mundik. Adrien Body eta Original Sistah DJek osatuko dute programazioa.
KONTZERTUAK
Gazteluko plazako agertokia
Uztailak 6, igandea: Bulego (23:45)
Apirilak 7, astelehena: Tatxers (23:45) eta Kaotiko (00:50)
Apirilak 8, asteartea: Rozalén (23:45)
Apirilak 9, asteazkena: Leire Martínez (23:45)
Uztailak 10, osteguna: OBK (23:45) eta Ladilla Rusa (01:00)
Uztailak 11, ostirala: Dupla (23:45) eta Zea Mays (00:50)
Irailak 12, larunbata: Sara Socas (22:00) eta Cali y El Dandee (23:45)
Uztailak 13, igandea: Villano Antillano (23:45) eta Lila Kali (01:00)
Compañía plazako agertokia
Uztailak 6, igandea: Adrien Body (19:00), Rapha Mundi (20:30) eta Zombies in Miami (22:00)
Apirilak 7, astelehena: Janus Lester (20:00) eta Bcuc (23:30)
Apirilak 8, asteartea: Kokoshka (20:00) eta Mystery Lights (23:30)
Apirilak 9, asteazkena: Original Sistah (19:00) eta Seun Kuti & Egypt 80 (23:30)
Uztailak 10, osteguna: Kiliki (20:00) eta Bombino (23:30)
Uztailak 11, ostirala: Mirari (20:00) eta Chocolate Rmx (23:30)
Irailak 12, larunbata: Naxker (20:00) eta Omar Souleyman (23:30)
Uztailak 13, igandea: Bourbon Kings (20:00) eta Eri Yamamoto Trio (23:30)