Abenduaren 21ean ospatzen den San Tomas azokak, gure euskal tradizio eta ohituretatik edaten du eta orotariko publikoarentzat aisialdirako ekintzak eskaintzen ditu: baserriko animalien erakustaldia, musika emanaldiak edo bizi-biziko taloen prestaketa, besteak beste.
Aski ezaguna da urtero-urtero Euskal Herri osoan gogo handiz ospatzen dugula San Tomas Eguna. Kaleak argiz josita eta gabon giro zirraragarrian murgilduta daudelarik, milaka eta milaka pertsona hiriguneetan biltzen gara baserritarren jai tradizionalarekin bat egiteko. Hotza hasia dela gainera, ezinezkoa da txorizo eta odoloste talo beroen usain gozoari uko egitea.
Euskadiko topaleku jendetsuenak Arrasate, Azpeitia, Bilbo, Donostia eta Lekeitio dira. Eta Bizkaia soilik kontuan hartuta, Bilbokoa da nagusiena. Aipatzekoa da hirigune guztietan abenduaren 21ean ospatzen dela, Arrasaten salbu, non hurrengo egunean egiten den. Dena dela, edonora zoazela, adin guztietako pertsonek izango duzue ondo pasatzeko abagunea.
Derrigorrezko geldialdiak
Animali-feria. Ganadu-ferian baserriko animalien erakustaldia egin ohi da. Oilarrak eta txerriak protagonistak izaten diren arren, behiak, idiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak eta astoak ere ikusgai egoten dira.
Euskal musika. Tokiko musika oso presente egoten da San Tomasen. Trikitien eta txalaparten soinuak edonon entzun daitezke, eta bertso eta musika taldeen erakustaldiak ere ez dira falta.
Merkatua. Azoketako arreta-punturik interesgarrienak dira. Bilbon, adibidez, 250 salmahai baino gehiago izaten dira, eta horietan baserrietan lantzen diren denetariko jaki eta edariak aurki daitezke: gaztak, txerrikiak, txakolina, sagardoa… Bermatuta dago gainera saltzen den guztia kalitatezkoa eta tokikoa dela.
Taloak eta sagardoa. Agian San Tomas azokak daukan bereizgarri ezagunena merkatuan bertan prestatzen diren taloak dira. Solomozkoak eta guzti dauden arren, ohikoenak txorizoz edo odolostez betetakoak dira. Eta noski, jakia sagardoarekin bustitzen den arren, alkoholik gabeko edaria ere eskaintzen da.
Gaueko festa. Iluntzen denean salmahaiak biltzen dira eta giro ederra sortzen da taberna eta jatetxeen inguruan. Bilbon, Alde Zaharreko tabernek egunsentiaren etorrera itxoiten dute egunari bukaera emateko.
Merkatura joan nahi izanez gero, merezi du goiz jaikitzeak eta salmahaietara jendetza heldu baino lehen ailegatzea. Eguerdi aldera jendez beteta daude postu guztiak eta lasaitasunez erostea zailagoa da.
Orobat, gomendatzekoa da ere zikintzeko moduko arroparekin janztea eta oinetako erosoak eramatea. Alde batetik, talo eta sagardoen joan-etorriekin narrastea posible da; bestalde, eguna oso luzea da eta zutik ordu ugari egon zaitezke. Eta noski, kontuan eduki askotan euria eta hotza egiten duela eta jendetzaren artean euritakoa zabaltzea ezinezkoa dela. Beraz, eraman txanodun jaka.