Entzuteko espazioak zabaltzeko jakin-minak eta nahiak bultzatuta, eguneroko bizitzan sortzen diren maila txikiko seinaleak interesatzen zaizkio Eric La Casari. Horrek errealitatearekin lotzeko beste modu batzuekin jolasteko aukera sortzen du, begi-bistakoa den horretatik haratago. Ingurua entzuteko interes horrek ematen dio forma instalazio honi, inguratzen gaituen eta bizi garen airea sentitzeko moduaren inguruan esperientzia kolektibo bat proposatzen duelarik.
Parisko bere apartamentuan aireak dituen zurrumurru eta erresonantzien inguruko ikerketa batean oinarrituta, AIR.ratio 3 lanak halako barnealdeetan aireak duen portaerari buruzko galderak egiten ditu eta, Scalara eramatean, eguneroko erabileren bidez Tabakaleran garatzen den espazioaren eta denboraren pertzepzioa zalantzan jartzeko gonbita bilakatzen da.
Gure arreta ingurumena osatzen duen horretara bideratzean, ikus dezakegu aireak gure barneko espazioaren bolumen handiena hartzen duela, eta, aldi berean, gure kanpoaldearen funtsezko zatia dela. Etengabe irauten duenez, gure bizitzetan sartzen da, gu erabat kontziente izan gabe. Batez ere hirian, haren materialtasuna mugimendu atmosferikoen eta gure jardueren (industria, garraioa, berokuntza, etab.) arabera aldatzen baita. Arnasten dugunak lotura zuzena du elkarrekin egotean sortzen den horrekin eta elkarrekin bizitzeko dugun moduarekin. Zerez egina dago arnasten dugun airea? Zer da arnasten duguna?
AIR.ratio 3 lanak gogorarazten digu Tabakalerako airea esperientzia- eta memoria-eremu partekatu bat dela, partikula bakanen eta gure arnasketaren arteko nahasketa. Ez da fenomeno fisikoa soilik; garen hori da, nolabait.
Iraupena: 180 min
Asteartetik igandera: 10:00-21:00
Komisarioa: Oier Etxeberria.