 

Azaroaren 6an, 7an eta 8an, Seriesland – Bilbao International Digital Festival ospatuko da, Laboral Kutxaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, BEAZen eta, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez Bilboko Udalaren, babesarekin. XI. edizio honetan, apustu sendoa egingo da euskal ekoizpeneko azken serieak ikus-entzule guztiengana gerturatzeko, eta Bilborako eta Bizkairako estrategikoa den ikus-entzunezkoen sektoreko industria sortzaileak dinamizatzeko eta topagune izateko.
Inaugurazio jardunaldia, HILAREN 6an, Bilborocken egingo da, ohikoa denez, 16:00etatik aurrera, eta lehiaketako Sail Ofizialeko edukiak aurkezteko proiekzioetan eta mahai-inguruetan zentratuko da. Edizio honetan, Serieslandek nazioarteko erakusleiho gisa duen posizioa indartu du, 20 herrialde eta bost kontinente baino gehiagoko ekoizpenak batzen dituen narratiba digitalaren maparekin.
Egitarauan The Shadow thriller korearraren aukeraketa nabarmentzen da. Yeosuko (Hego Korea) Nazioarteko Webserie Jaialdiarekin izandako lankidetza estuari esker iritsiko da Serieslandera, izan ere, Seriesland bertan egon da aurten. Europako (The Struggle for Existence S2) eta Latinoamerikako (Quien sabe nadie) ekoizpenez gain, Kanadako proiektuen presentzia ere handitu egin da, Emmy baterako izendatutako Lauren Corber zuzendariaren My Dead Mom filmaren parte-hartzearekin. Izan ere, nabarmentzekoa da emakume sortzaileak gero eta leku handiagoa hartzen ari direla, urtez urte ikus-entzunezko panorama globalean duten ahalmen berritzailea berretsiz. Fikzioen, pilotuen eta dokumentalen aukeraketa orekatu horrek Seriesland XI, storytelling digitalaren etorkizuna ezagutzeko hitzordu egokia izatea bermatzen du.
Bestalde, hainbat kategoriatako izendapenek egungo euskal ikus-entzunezko ekoizpenaren une bikaina eta dibertsitate handia egiaztatzen dute. Gazteen fikzioa (Go!azen 11, Irabazi Arte! 4), programak (Potx eta Lotx), dokumentalak eta formatu digital berritzaileak (Glaziarrak agurtzen, Zeru Ahoak) biltzen dituen film sorta zabalaren artean, Desagertuta thrillerra nabarmendu behar da. Plataformetan arrakasta handia izan duen telesail horrek, indarra hartzen ari diren Jon Lukas aktorea bezalako pertsonaiak erakarriko ditu jaialdira, tokiko talentua eta euskarazko ekoizpenak nazio zein nazioarte mailako esparrua zelan konkistatzen ari diren erakusten duen adibidea.
Izendapena merezi du, halaber, Leire Martinezek (La Oreja de Van Gogh) Desagertuta lanean aktore hasi berri gisa eta Itsatsita berriz filmeko protagonista gisa egindako lan bikainak. Aipagarria da, halaber, euskal serierik onenaren izendapena, Borja Cobeagak zuzendutako Amazon Primeren Su Majestad ekoizpena. Tokiko ekoizpeneko serieen aldeko apustuak Serieslandek sortzen ari den talentuarekin eta euskarazko sorkuntzaren abangoardiarekin duen konpromisoa azpimarratzen du.
Hain zuzen ere, HILAREN 7an, Golem – Alhondiga zinema aretoetan estreinaldi-saioak izango dira, ikus-entzule gazteei eta helduei zuzendutako programazio orekatuarekin. Ume eta gazteen blokea 19:00etan hasiko da, eta asko itxarondako Go!azen 12ren aurrestreinaldia hartuko du, protagonisten presentziarekin. Gainera, Power Upen hirugarren denboraldiko lehen kapitulua estreinatuko da, Marina Ostolaza protagonista bertan dela. Mari sorgin ehiztariren atal berezi bat proiektatuko da, egun batzuk lehenago ospatuko den Gau Beltza dela eta, Maria Cruickshank aktorea bertan dela. Helduentzat, saio golfoa izango da 21:00etan; izan ere, Serieslandek Fetitxe seriea estreinatuko du, kutsu pikantea eta ganberroa duen ekoizpena. Eneritz Garcia eta Alazne Astorga protagonistak bertan izango dira.
Seriesland PRO
Sektoreko profesionalentzako agenda hilaren 7an bertan ezarri da, goizean, eta finantzaketa gakoak eta formulak eta ikus-entzunezkoen garapena izango ditu ardatz. Azkuna Zentroak Bizkaiko inbertsioari eta pizgarri fiskalei (BIFIC) eta EAEko finantzaketa publikoaren panoramari buruzko funtsezko mahai inguruak hartuko ditu. Jardunaldiarekin jarraitzeko, EiTBren Ilargi ekoizpenaren azterketa egingo da bere sortzaileekin, eta telebista-katearen ordezkari gisa parte hartuko duen Josu Bilbao bezalako adituekin. Gainera, ekitaldiak bere nazioarteko bokazioa berresten du, Young Man Kang, Sened Dhab eta Csongor Dobrotka bezalako figurek parte hartuko duten nazioarteko sormen proiektuak finantzatzera bideratutako saioarekin. Gainera, sinergiak eta lankidetzak sustatzeko networking gune bat egongo da.
Seriesland Proren bihotza, aurten aukera gehiago eskaintzeko bikoiztu egingo diren pitching saioetan dago. Nazioarteko deialdi bat eta euskal industriara bideratutako proiektuetarako deialdi bat egongo dira, eta horrek euskal telebista publikoak proiektu berriak bultzatzeko duen garrantzia azpimarratzen du. Hautatutako proiektuek euren proposamenak bost minutuko formatu laburrean azaltzeko aukera izango dute sektoreko funtsezko profesionalen aurrean. Hautatutako proiektuen eta tokiko eta nazioarteko exekutiboen eta ekoizleen arteko speed meetingetan amaituko dira, sormen talentua industriarekin zuzenean konektatzea ahalbidetuz, finantzaketa, banaketa eta aliantza estrategikoak bilatzeko. Seriesland PRO programa profesionalean izena emateko epea zabalik dago jaialdiaren webgunean.
Euskal influencer onena
Berrikuntza gisa, edizio honek urteko influencer onenak saritu nahi dituen kategoria berri bat ere izango du. Euskadiko eduki-sortzaileek, sare sozialetan jarraitzen dieten ikus-entzuleekin topo egiteko euren lekua izango dute jaialdian.
Horrela, Seriesland XI.aren itxiera HILAREN 8an izango da, 19:30ean Bilboko Guggenheim Museoan egingo den Sarien Gala Handiarekin. Euskal Herriko eta nazioarteko sortzaileei omenaldia egiteaz gain, Kai Nakairen emanaldia ere izango da. Gainera, ekitaldi horrek euskal ekosistema digital biziarekin harremanak estutzeko balioko du, sareetako Euskal Edukiaren Sortzaile Onenaren sailean izendatutako influencerren presentziarekin, hala nola Beñat Olea –eta euskarazko hitzei buruzko bere bideoak–, Ane Lindane –euskal kulturarekin eta feminismoarekin konprometitua– edo BocaBeats Comedia –bakarrizketa Beatbox komediarekin nahasten paregabeak–. Horien edukiek sare sozialetan milioika bistaratze batzen dituzte. Gainera, Telmo Trenado, Iban Garcia, Eleder Iglesias edo 72 kilos ere izango dira.
Gaueko une gorena Showrunner Onenaren saria izango da, nazioarteko sari nagusia. Serieslandek aniztasunarekin duen konpromisoa sinatuko du Artemisa Emakume Sortzailea sari bereziaren bidez. Sari horrek ikusgaitasuna ematen dio emakumeak industria honetan duen ezinbesteko ekarpenari. Gainera, jaialdiak bertako talentua sarituko du alemaniako Die Seriale jaialdirako zuzeneko pasea emango duen Euskal Telesail Onenaren sariarekin. Halaber, kalitate teknikoa eta artistikoa aintzatetsiko dira Sail Ofizialean, besteak beste, Screenplay, Best Cast, Best Performance, Art and Design eta Photographyri emandako sariekin.
Nazioarteko epaimahaia, ibilbide ezaguna duten beste profesional batzuen artean, Felix Maximilian (Machos Alfa) aktore alemaniarrak eta 7 goya sari irabazi dituen Ivan Miñambres ekoizle bilbotarrak osatuko dute.
Informazioa eta sarrerak
Saio guztiak sarrera librearekin izango dira, leku guztiak bete arte hilaren 6an Bilborocken, eta Golem-Alondegian ere doakoa izango da, baina leihatilatik pasatu beharko da sarrera bat hartzeko, edukiera kontrolatzeko. Guggenheim Bilbao Museora sartzea ere librea izango da dagoeneko jaialdiaren webgunean eska daitekeen gonbidapenarekin.