OHAR GARRANTZITSUA:
SONAT VOX taldeak hasieran programatutako Sopra Il Fume korala ordezkatuko du, azken horrek ezin izango baitu lehiaketan parte hartu zikloan. Era berean, kontzertuaren ordutegia 19:30era aurreratzen da. Zikloaren kontzertu guztiak ordu horretan izango dira.
Aldez aurretik erositako sarrerek eta abonuek baliozkoak izaten jarraituko dute, baina, programazioan egindako aldaketekin ados ez badaude, horien zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango da abuztuaren 25etik aurrera Muxikebarriko leihatilan.
Justus Merkelek 2015ean sortua, Sonat Vox gizonezko ahots-talde bat da, Windsbacher Knabenchor ospetsuko kide ohiek osatua. Alemaniako hegoaldeko abeslari gazte nabarmenetako batzuk biltzen dituen talde honek Errenazimentutik hasi eta gaur arteko musika interpretatzen du bere errepertorioan, eta arreta berezia eskaintzen die a cappella obra sakratuei eta Alemaniako kantu tradizionalei.
Sonat Voxek Alemaniako Abesbatza Lehiaketa Nazionala eta Marktoberdorfeko (Alemania) Ganbera Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa irabazi ditu, Merkelen zuzendaritzapean. Soinuaren kalitate bikainagatik, musikaren sakontasunagatik eta espresioaren argitasunagatik da ezaguna taldea. 2021z geroztik, Ansbach hiriko enbaxadore kulturala da Sonat Vox.
Taldearen muina gizonezko ahotsek osatzen duten arren, Sonat Vox ahots mistoekin eta orkestrarekin ere aritzen da Alemania osoan zehar kontzertuen proiektu handiagoetan.
Justus Merkel 1996an jaio zen, abesbatza-zuzendaritza ikasi zuen Hans-Christoph Rademann irakaslearekin, eta gaur egun Ansbacheko Unibertsitateko Abesbatza zuzentzen du.