Soraluzeko 2025eko Santiago eta Santa Ana Jaiak uztailaren 24tik 27ra bitartean ospatuko dira.
Adin guztietarako antolatutako ekintzen artean daude Kantujira Plaentxia Kantuan taldearen eskutik, Toka eta Igel txapelketa Galtzagorriek antolatuta, jaien aurretiko beroketarako zunba saioa, herriko musikariek sortutako Sagar-Erreka Mix ikuskizuna, azeituna hezur jaurtiketa txapelketa, Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta, Bizijolas jolasgune erraldoia, zezen suzkoa eta erraldoi, kiliki eta buruarinen kalejirak eta Soraluzeko emakumeen* batukada feminista. Haur, gazte zein heldu, edonork parte hartu dezake aipatutako ekintza guzti horietan eta horretara animatzen ditu udalak herritarrak.
Horietaz gain, kultur aniztasunak ere izango du lekua jaietan Soraluzeko arrozak ekimenari esker. Baita herritar ugari biltzen dituen bakailao lehiaketa eta mus-tute txapelketa ere. Gainera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gaztetxoen eskutik bingoa eta haurren txokoaz ere gozatu ahal izango da, herri bazkariaren ostean. Amaitzeko, haur eta gaztetxoentzako bereziki, krosa ere izango da domeka goizean.
Musikari dagokionez, punta-puntako musika-taldeek beteko dituzte Soraluzeko kaleak doinuz; besteak beste, Janus Lester, Idoia Asurmendi, Belako eta Los Tenampas mariatxiek.