
Jone, batzuetan da Sara Fantovaren lehen filma. Film bat sortzeko prozesua ez da erraza. Luzea, zaila eta korapilatsua omen da. Euskarazko zinemagintza oraindik zailagoa da. Sara Fantovak, baina, oztopo guztien gainetik bere opera prima filmatzea lortu du. Oso bitarteko gutxirekin film duin, eder eta hunkigarria ondu du. Filma bukatu eta hedapenaren abenturari ekin zion. Hasteko, Malagan sekulako harrera ona izan zuen, gero Mallorcan eta Bartzelonan saritua izan zen, Donostiako Zinemaldian ere onespena jaso zuen. Esperientzia arrakastatsu hori partekatuko du tailer honetan.
Sara Fantova
Bilbon jaioa, 1993an. 2013an, unibertsitate-ikasketak hasi zituen ESCACen (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) eta handik bi urtera, zuzendaritza zinematografikoan espezializatu zen. 2018an graduatu zen No me despertéis film laburrarekin, SEMINCIko Sail Ofizialean estreinatu zena eta ondoren Rotterdameko zinemaldian egon zena beste festibalen artean. Horrez gain, La filla d’algú pelikularen zuzendarietako bat da, Malagan estrenatua, aktore onenaren saria eta Movistar saria jaso zuena.
Script gisa eta hainbat proiekturen casting sailean lan egin ondoren, 2023an Aina Clotet, Mar Coll eta Celia Giraldorekin batera Esto no es Suecia telesaila zuzendu zuen, 3cat eta RTVplaykoa, Suediarekin koprodukzioan eta komedia onenaren Ondas saria jaso duena. Irailean bere lehengo filma estreinatu du: Jone, batzuetan.