
Strong back, soft front erakusketak Maite González Martínezen artxibo pertsonaleko irudien hautaketa bat biltzen du. Materialak —bideoa eta collagea— aretoko paretei eta kolomei atxikitzen zaizkie. Izan ere, aretoa bera da irudiarentzako gainazala, baita zirkulatzeko aukera ematen dion bolumena ere. Kamera konpaktuarekin eta telefono mugikorrarekin grabatutakoek irudi gordin gisa funtzionatzen dute, ingelesezko “rushes”, hau da, filmaketa bateko editatu gabeko metrajea. Logika bera aplikatzen zaie collageei, zinta itsaskorrarekin muntatutako zati, ebakin, argazki eta ariketa azkarrez osatutakoei. Irudien potentziala nolabaiteko familiartasunetik sortzen da; beren agerikotasunean, aurkezten dena gertukoa zaigu: aurpegi bat, hondartza bat, barraskilo bat.
Erakusketaren izenburuak —Bizkar sendoa, bihotz leuna— gorputz-jarrera irmoa baina irekia adierazten du, bizkarrezurrak ematen duen sendotasunetik, aurrean duen horrek eragin diezaion uzten duena. Egungo begirada menperatzen duen erritmo biziaren aurrean bideoek presentzia lasaia, patxadatsua iradokitzen dute; baita zehaztasunera zuzendutako kokapen optikoa ere. Strong back, soft front-ek behaketaren ahalmena aitortzen du, bizitzaren izaera erlazionala eta inguratzen gaituen horren berezitasuna agerian uzteko gai den praktika gisa. Arreta tarte horretan, gauzarekiko topaketa horretan, zirkulartasun inplizitua eta estrukturala sumatzen da. Zirkulua forma gisa aurkezten da, baina baita figura erretoriko, metodo eta pertzepzio-logika gisa ere; kameraren mugimenduan, erreprodukzioko buklean edo irudia eusten duen gorputz ekinean.
Strong back, soft front Maite González Martínezen (Oiartzun, 1995) bakarkako erakusketa da, Iñigo Villafranca Apesteguiak (Valtierra, 1994) komisariatua, eta Tabakalerak 2025ean sustatutako komisariotza-egonaldiak egiteko deialdiaren emaitza da. Deialdi honen xedea lekuko eszena artistikoa sendotzea da, komisarioei eta artistei Tabakaleraren urteko erakusketa-programan parte izateko aukera emanez.