K bulegoak suKaldea jarri du abian. Sukaldatzearen metafora, osagaiak eta prestaketa erabiliz, mahaian esertzera gonbidatzen zaitu, esperientzia duten kulturako profesionalengandik ikasteko, haien praktika kultural onenak ezagutzeko, ondo egindako errezeta-liburu baten bidez.
Saio bakoitzak sukaldari bat izango du mahaiburu. Gonbidatua arduratuko da prestaketa-lana erakusteko praktika kultural on baten errezeta prestatzeaz. Sukaldariarekin batera, beharrezko osagaiak eta prestatzeko modua jarriko dira mahai gainean.
Lehenengo hitzordu gastrokolarioan, Maushauseko Carlos eta Anabel sukaldariek mahaia prestatuko dute. Maushaus artea eta arkitektura batzen dituen ideia-laborategia da, eduki pedagogikoak eta ikaskuntzarako espazio ludikoak sortzen dituena. Jolasen eta performanceen bidez, jakin-min espaziala sustatzen du haurrengan eta gazteengan, arkitektura eta hiri-ingurunea ezagutzen laguntzen die, ingurune naturalarekiko eta eraikiarekiko errespetua sustatuz.
Egin erreserba eta eseri mahaian. K bulegoko suKaldean 12 lagunentzako lekua dago.
Saioa gaztelaniaz izango da. suKaldeak erreserbak irekiko ditu urriaren 22ra arte (edo lekua bete arte).